Europako Batasuna

Pandemiak «arriskuan» jarri ditu genero berdintasunerako EBren «aurrerapausoak»

EIGE Genero Berdintasunerako Europako Institutuak «irtenbide inklusiboak» diseinatzeko eskatu diete agintariei, pandemia garairako eta hura gainditu osterako.

Emakume erizain bat, Erresuma Batuko ospitale batean. Artxiboko irudia. HANNAH MCKAY, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urriaren 29a
16:46
Entzun

EB Europako Batasunak genero berdintasuna lortzeko bidean eman dituen aurrerapausoak «arriskuan» jarri ditu COVID-19aren pandemiak, EIGE Genero Berdintasunerako Europako Institutuak ondorioztatu duenez. Institutuak adierazi du 60 urte beharko liratekeela helburua lortzeko, egun egiten ari diren urratsen erritmoan jarraituz gero. EIGEk ehun puntuko indize baten araberako azterketa egin dio EBri, eta 67,9 puntu eman dizkio.

Charlien Scheele institutuko zuzendariaren esanetan, «aurrerapauso txiki baina sendoak» atzeman dituzte urteko EBko estatuetan, baina pandemia «kezkarako arrazoi» dela ohartarazi du. Pandemia «genero berdintasunarentzako egiazko arriskua» da, haren iritziz. «Orain, inoiz baino gehiago, politikariek gure indizearen emaitzak erabili behar dituzte irtenbide inklusiboak diseinatzeko, gure gizartean genero berdintasuna sustatuko dutenak, bai pandemiak iraun artean, baita pandemiaren ondoren ere».

EIGEk Suedia kokatu du EBko estatu zerrendan lehen postuan, 83,8 punturekin. Jarraian dira Danimarka (77,4 puntu), (Frantzia 75,1 puntu) eta Finlandia (74,7). Espainia zortzigarren da, 72 punturekin. Azken postuetan ageri dira Errumania (54,4 puntu), Hungaria (53 puntu) eta Grezia (52,2 puntu).

Orain arteko urratsen %65 erabaki guneei dagozkien aldaketekin dute zerikusia. Hala ere, arlo horretan 53,3 puntukoa da genero berdintasuna neurtzeko indizeak islatzen duen maila. Ikerketan jasotzen denez, Belgikan, Danimarkan, Alemanian, Italian, Holandan, Finlandian, Suedian eta Erresuma Batuan enpresetako administrazio kontseiluetako kideen ia herenak emakumezkoak dira. Frantzian %40tik gorakoa da ehunekoa.

Ikerketak arretaz begiratu dio arlo profesionalean eta hezkuntzan dagoen generoaren araberako segregazioari. Banaketa hori 2010etik sakondu egin dela ohartarazi du. Esaterako, datuek diote emakumeek IKT informazioaren eta komunikazioaren teknologiaren alorreko lanpostuen %20 okupatzen dituztela soilik, eta gizonezkoek zaintzaren arloko lanpostuen %15.

Txostenean honako hau ere nabarmendu dute: digitalizazioaren eraginez, emakumezkoek arrisku handiagoa dutela lanean robotek ordezkatuak izateko, gizonezkoek baino presentzia nabarmen urriagoa dutelako gehien hazten ari diren ekonomia sektoretan eta puntako teknologiadun alorretan. «Gizonezkoek menperatzen dute teknologia berrien garapena EBn».

EIGEren indizeak sei alor aztertu ditu: lana, dirua, jakintza, denbora, boterea eta osasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.