FInantzak

Kutxabankek 160 milioi irabazi ditu, hornidurak bikoiztu arren

Aurreko hiruhilekoan inoiz baino hipoteka mailegu gehiago eman ditu kutxen bankuak.

Kutxabanken bulego bat. BERRIA
Iker Aranburu.
2020ko urriaren 29a
16:56
Entzun

Euroguneko bankuen egoerari buruz kezka adierazi du azken asteetan Europako Banku Zentralak, uste baitu pandemia luzatu ahala mailegu ustelak ugaritu direla eta haietako batzuek arazoak izan ditzakeela. Azken horien artean ez egoteko zenbakiak aurkeztu ditu Kutxabankek. Beste lehiakide batzuek ez bezala, irabaziak izan ditu urteko lehen bederatzi hilabeteetan, 160 milioi euro hain zuzen ere. Iaz baino nabarmen gutxiago da (-%40), beste bankuek bezala diru gehiago hornitu behar izan duelako saneamendurako eta izan ditzakeen mailegu ustelak estaltzeko. Guztira, 277 milioi baztertu ditu horretarako, iazkoa halako bi baino gehiago.

Berez, maileguen berankortasuna txikitzen ari da BBKren, Kutxaren eta Vitalen bankua: %2,5 dira, eta urte hasieran ia %3 ziren.

Zuhurtziaren izenean, kapitala ere handitzen ari da Kutxabank: aktiboen %17,5 da, aurreko hiruhilekoan baino 0,3 gehiago.

Bigarren hiruhilekoan «sumatutako joera positiboak» jarraitu du hirugarrenean ere. Atal batzuetan, «historikoa» ere izan da, hipoteka maileguetan esaterako: 1.105 milioi milioi utzi ditu etxeak erosteko, inoiz hiruhileko batean mailegatutako kopururik handiena. Inoizko handienak izan dira txartelen eta Bizumen erabilera, eta Internet bidezko erosketak ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.