Reala 0-1 Napoli

Realaren lehen porrota Europa ligan

Txuri-urdinak ez dira gaizki aritu, baina italiarrek beren ofizioa eta esperientzia baliatu dute.

Jon Ander De la Hoz.
2020ko urriaren 29a
23:32
Entzun

Golik gabe ezin da irabazi. Realak hutsean utzi du bere zakua, eta Napolik egindako gol bakarra baliatu zuen hiru puntuak eskuratzeko. Italiarrek ofizioa erakutsi dute eta estutasun gehiegirik gabe lortu dute  Europa ligako lehen garaipena. Txarrena, Realaren kontura egin duela.
Lehen minutuetan asko estutu du Napolik. Gennaro Gattusok itxuraldatutako hamaikakoa zelairatu du eta ezustean harrapatu du Reala. Ofizioa erakutsi dute, eta txuri-urdinek deseroso jokatu dute hasieran, urduri baleude bezala. Hori probestuz gola egiteko aukera izan dute bisitariek lehen hamar minutuak bete zirenerako. Lorenzo Insigne izan  Napoliren erasoko jokoaren ardura izan zuena.

Behin lehen erauntsia igarota, Realak bere lekua egin zuen zelaian, eta baloi jabetza lortzen hasi da pixkanaka. Ordura artean arrisku gehien sortu duen Insignek, gainera, min hartu du 20. minutuan. Hirving Lozanok ordeztu du italiarra. Insignek zelaia uztea bikaina izan da Realarentzat. Aurreko urrats bat egin eta zelaian nagusitu dira Imanol Alguacilenak. Orduan izan dute  lehen zatiko aukera gutxietako bat: Andoni Gorosabelek egindako erdiraketa kanpora bota du Mikel Merinok. Ordutik aurrera jokoaren pisua izan dute etxekoek, nahiz ate aurrean hutsal aritu. Lehen zatian jabetza donostiarrena izan da; markagailu aurreratzeko aukerarik argienak, italiarrenak

 

Bigarren zatiari hobeto ekin dio Realak. Baloiaren jabe egin dira hasi orduko, eta aterantz jotzen ere saiatu dira. Cristian Portuk 50. minutuan egindako barneraldi bat izan da horren adibide. Espainiarren jaurtiketa ahula arazorik gabe geratu du Ospina atezainak. Reala Napoliren areara sartzeko zirrikitu bila ari zenean, ordea, neurketa itxuraldatuko zuen jokaldia iritsi da. Italiarrek jokaldia antolatu dute zelai erditik, eta Politanok area kanpotik jotako ezkerkada sareetara joan da Modibo Sagnanen gorputzean jo eta gero. Partida hankaz gora jarri zaio Imanolen taldeari.

Besoak jaisteko asmorik gabe
Kolpea jaso orduko lehengora itzultzen saiatu da Reala. Ondo kokatua zegoen zelaian, eta lehengora itzuli nahi zuen berandu baino lehen. Bien bitartean, aldeari euts nahian aldaketa hirukoitza egin du Gattuso prestatzaileak. Ixte aldera  egin du Napolik, italiar erako jokoa ezarri eta presarik gabe arituz. Halere, Portuk egin du modua bisitariak kinka estuan jartzeko. 65. minutuan erremate indartsua egin du, baina Ospinak kornerrera bota du baloia. Ordura arteko aukerarik argiena izan da.

Abagune horren ostean Portu bera eta Isak kendu egin ditu Imanolek, Jon Bautista eta Willian Jose sartzeko. Ate aurrean asmatzea behar zuen Realak, baina Napoli ez zegoen oparirik txikiena egiteko ere. Bereak eta bi egin ditu etxekoei bidea ixteko, eta erasora egin duten une apurretan modu antolatuan egin dute. Haietako batean baloia sareratu dute 86. minutuan, baina ez du baliozko eman epaileak. Azken saialdi batzuk egin ditu Realak, baina ezin neurketa orekatu. Amaieran, bere legea ezarri du Napolik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.