Bihar BERRIAn

Hiri baratzeen hazkundeaz eta onurez

Geroz eta erabiltzaile gehiago dituzte hiri baratzeek. Eskariak gora egin du, eta eskaintzari neurria jarri nahian ari dira euskal hiriburuetako udalak. Ingurumen teknikarien eta erabiltzaileen iritziak jaso ditu BERRIAk, eta erreportaje bat kaleratuko du bihar.

Gasteizko Abetxuko auzoko Urarte baratzeak. BERRIA
enekoitz telleria sarriegi
2020ko urriaren 30a
10:03
Entzun

Hiri baratzeen eskaintzak eta eskariak gora egin du Euskal Herrian. Udal bakoitzak bere proiektua du abian, eta ez dira denak berdin kudeatzen. Izan ere, badira hiri baratzeak udalarenak, badira partekatuak, badira norbanakoenak, eta badira piratak ere.

Dena dela, kudeaketaz eta ereduez harago, nork bere lurra bere eskuz lantzeak duen onuraz ari dira nola teknikariak hala erabiltzaileak. Sortzen diren sareez, eta alderdi emozionalaz. Produkzioari berari baino garrantzi handiagoa ematen diote baratze bat kudeatzeak dakartzan autonomiari, autoestimuari eta erantzukizunari. Baita kontsumo ereduaren inguruan eta nekazaritza ekologikoaren inguruan sortzen diren hausnarketei ere.

Iruñean, bost auzotan ditu udalak baratzeak: Arrotxapean, Alde Zaharrean, Mendebaldean, Donibanen eta Txantrean. Beste bat ari dira egun hauetan abian jartzen: Etxebakoitz auzokoa.

Gasteizen, hiri baratze ekologikoen inguruko sare handi bat dute sortua: udal baratzeak, gizarte etxeetako baratze ekologikoak, eskola baratzeak, adinekoentzako baratzeak, unibertsitateko baratze ekologikoa, baratzezaintzako proiektu autonomoak... Abetxukun, Zabalganean, Lakuan eta Salburuan ditu Gasteizko Udalak hiri baratzeak.

Donostian, Lau Haizetako baratze parkearen esperientzia dute abian batetik, eta autokontsumorako baratze partekatu eta elkarte «alegalak» dituzte bestetik.

Bilboko hiri baratzeak Errekalden (27), Otxarkoagan (56) eta Artxandan (88) daude. Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak kudeatzen ditu.

Baionan, Frantziako elkarte batek kudeatzen ditu udal baratzeak. Herriko etxeak lurrak uzten dizkio elkarteari. Hiru baratze gune daude: Becadine (Baiona iparraldean), Saint-Bernard (Bokalera bidean) eta Chauron (Errobi bazterrean).

Zinema estreinaldiei dagokienez, datorren astean estreinatuko den Mireia Gabilondok zuzendutako Erlauntza filmaren berri emango du Bizigiro-k; izen bereko antzezlanean oinarrituta dago. Bi urtez antzokiz antzoki ibili ondoren, pantaila handira iritsi da. Sei emakume ditu protagonista, eta datorren ostiralean estreinatuko da Hegoaldeko zinema aretoetan.

Telesailen atalean, HBO katean ikus daitekeen The Undoing telesaila izango da aipagai, David E. Kelley estatubatuarrarena.

Horietaz gain, Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoaren berri ere emango du Bizigiro-k. Euskarazko irakurketarekiko sentsibilizazioa sustatu nahi du egitasmoak, eta martxan da jada Hego Euskal Herriko hainbat liburutegitan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.