Zeelanda Berria

Zeelanda Berrian eutanasia legeztatu dute

Erreferendum bidez erabaki hori hartzen duen lehen herrialdea bilakatu da; %65ek eman dute baiezkoa, behin-behineko emaitzen arabera. Aldiz, kalamua legeztatzeko galdeketan ezezkoa gailendu da, botoen %53 bilduta.

Jacinda Ardern Zeelanda Berriko lehen ministroa, iragan astean. EFE
ander perez zala
2020ko urriaren 30a
11:12
Entzun

Zeelanda Berriko herritarrek baiezkoa eman diote eutanasiari. Hilaren 17an egin zuten erreferenduma, eta hauteskunde batzordeak gaur jakinarazi ditu behin-behineko emaitzak: horien arabera, %65 agertu dira legezko bilakatzearen alde. Egun berean egin zuten kalamua legeztatzeari buruzko galdeketa, eta horretan, berriz, ezezkoa gailendu da, botoen %53 jasota.

Eutanasiari buruzko kontsulta loteslea da, baina Andrew Little Justizia ministroak ohartarazi du legea ez dela indarrean sartuko datorren urteko azaroaren 6a baino lehen. Hortaz, urtebetez, eutanasia legez kanpokoa izango da oraindik; parlamentuaren babesa ere badu, iragan urteko azaroan egindako bozketan diputatuek baiezkoa eman baitzioten.

Legearen arabera, datorren urteko azarotik aurrera gehienez sei hilabeteko bizitza geratuko zaienei eragin ahalko diete heriotza, betiere pazienteak hala eskatzen badu modu boluntario eta kontzientean. Testua ACT alderdi liberalaren buruzagi David Seymourrek aurkeztu zuen, eta, galdeketaren emaitza jakitean adierazi duenez, bere herrialdea «adeitsuagoa eta errukiorragoa» bilakatuko da.

Zeelanda Berria eutanasia legeztatu duen seigarren herrialdea bilakatu da, eta lehena hori erreferendum bidez egiten duena; Herbehereetan, Belgikan, Luxenburgon, Kanadan eta Kolonbian ere onartu zuten.

Lehen ministroa, bien alde

Jacinda Ardern lehen ministroa eutanasiaren alde agertu zen, baita kalamua legeztatzearen alde ere. Kasu horretan, parlamentuak ez zuen bozketaren aurretik testurik onartu; litekeena da, halere, horri buruzko lege proiektua aurkeztea eta diputatuei boto askatasuna ematea, nahiz eta galdeketa loteslea den.

Erreferendumean baiezkoak irabazi izan balu, 20 urte baino gazteagoek gehienez hamalau gramo erosi ahalko zituzten kalamua saltzeko baimena duten establezimenduetan, edo etxean bi landare hazi; lau, beste heldu batekin partekaturiko etxebizitza baten kasuan.

Oraindik 418.000 boto falta dira zenbatzeko, %17 inguru; horrek ez du eraginik izango eutanasiari buruzko erabakian, baina kalamuari buruzkoan aldaketa eragin lezake. Zeelanda Berriko Justizia ministroak, ordea, ez du halakorik espero, «oso gertagaitza» delakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.