BPG-a

Nafarroako ekonomia %15,7 handitu da udan, baina krisian jarraitzen du

BPGaren urte arteko jaitsiera -%6,1era murriztu da, jarduera ekonomikoak izandako erreboteari esker. Industriak eta kontsumoak gidatu dute susperraldia. Aurreikuspenei eusten die gobernuak: urte amaieran -%9 eta -%10,2 bitarteko geldialdia.

Volkswagenek Nafarroan duen fabrikako langle bat; abuztu amaieran ekin zioten hru txandetako produkzioari. BERRIA
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 30a
12:19
Entzun

Atera bezain laster zaharkituta geratu da Nafarroako estatistika erakundeak (Nastat) erakutsitako argazkia. Lurraldeko ekonomia hazi dela agertu du, inoiz ikusi ez den tamainan, gainera: udako hilabeteetan aurreko hiru hilabeteetan baino %15,7 gehiago. Baina baliteke ilusio huts izatea susperraldi hori, COVID-19aren eboluzioa ikusita eta horri aurre egiteko gobernuak hartzen ari diren eta har ditzaketen neurriek jarduera ekonomikoan izango duten eraginagatik. Gainera, udako datua ona izanagatik ere, krisiek hor jarraitzen dute; Nafarroak pattal hasi zuen urtea, COVID-19ak gogor jo zuen, eta zenbaki gorrietan jarraituko du. Maria Txibiteren gobernuak irailean egindako aurreikuspenaren arabera, urtea -%9 eta -%10,2 artean amaituko da.

Irail amaieran, iaz baino -%6,1 txikiagoa izan da urte arteko tasa, ekonomiaren hazkundeak izan duen erritmoa. Modu positiboan interpretatu daiteke datua, lehenengo hiruhilekoko -%3ko eta, bereziki, bigarrengo -%18,5eko jaitsieren ondotik. Nafarroako ekonomian ere errebote efektua egon da, beraz, espero zen moduan, COVID-19ari aurre egiteko neurriak malgutu egin baitziren ekainetik irailera, itxialdiaren ostean. Baina horren benetako tamaina neurtzeko, gogoratu behar da iaz epe berean %2,5eko hazkundea izan zela. Horrek esan nahi du oraingo igoera handia izanda ere, ekonomia oraindik oso motel dabilela iazko martxarekin alderatuz gero.

Gauza bera gertatu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: udako errebotea %15,2koa izan da. Baina iazko erritmoetatik oro urrun (%7,7 behetik) jarraitzen du oraindik. Jaurlaritzaren aurreikuspena da %10,1eko jaitsierarekin ixtea urtea.

Eurogunean, berriz, BPGa % 12,7 igo da hirugarren hiruhilekoan, apirila eta ekaina bitartean izandako beherakadaren ostean. Urtea hasi zenetik, %4,3koa da jaitsiera. Eurostatek gaur emandako datuen arabera, udan Frantziak (%18,2), Espainiak (%16,7) eta Italiak (%16,1) izan dute igoerarik handiena, herrialde horietan turismoak eta horrekin loturiko jarduerek duten pisuagatik gehienbat. Espainian, etxeetako kontsumoa handitu izana da igoera horren gakoa, Nadia Calviño Ekonomia ministroak azpimarratu duenez.

Aurreikuspen ezkorrak

Nafarroan, susperraldiaren buruan egon dira eraikuntza eta, bereziki, industria. Nafarroako fabrika nagusiak, Volkswagenek apurka ekin zion berriz ekoizpenari: hiru txandako produkzioarekin abuztuaren 24an hasi zuten, eta ordutik gainezka egon dira. Baina hasi dira geldialdi berri nabaritzen.

Kontsumoari buruz, berriz, etxeetakoa apur bat suspertzen hasi zen udan, administrazio publikoenak goraka jarraitu zuen, eta kanpoko eskariaren emaitza positiboa izan zen; aldiz, inbertsioek lozorroan jarraitu zuten.

Nastatek ostiral honetan jakinarazitakoa aurrerapen bat izan zen; estatistika zerbitzuak ez zituen aletu sektorekako emaitzak. Abenduaren 23an zabalduko ditu datuok. Ordurako aurreikusi ahal izango da urte amaierako kolpea zenbatekoa izango den. COVID-19aren bigarren olatuak hazkundearen amaiera ekar dezake zerbitzuen alorrera, besteetan, industrian bereziki, baino nabariago. Fabrikek eusten diote oraindik, eta denbora batez iraun dezakete, baina baliteke horiek ere antzematea konfinamenduen eta beste sektore batzuen itxiera partzialen eraginak, kontsumoa nabarmen apaldu daitekeelako.

Hala ohartarazi du Elma Saiz Nafarroako Ekonomia kontseilariak. Udako emaitzak espero baino hobeak izan direla adierazi du, baina kezkatuta azaldu da datozen hilabeteetako bilakaerarekin. «Agertokia konplikatu» den arren, gobernuak irailean egindako aurreikuspenik baikorrenari eusten diola esan du.

Industriari buruz, baina, ohartarazi du hornidura kateetan arazoak sor daitezkeela, eta gaineratu du dagoeneko hasi direla kanpoko eskariak gutxitzen. Kontsumoaren hazkundean ere etena egongo dela uste du, bereziki merkataritzari eta ostalaritzari ezarritako neurriengatik. Sektore horiek laguntzeko 10 milioi euro inguruko dirusail bat iragarri du Saizek. Zuzeneko laguntzak izango lirateke, eta «datozen asteetan» hasiko lirateke banatzen.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.