Fanny Lartigot. Kazetaria.

«Helburua da hizkuntza bere aldaera guzietan entzutea»

Biarnon, Gersen eta Bigorran hedatzen du Paueko Radio Pais okzitanierazko irratiak. Lartigot berriki hasi da Angelun kazetari gisa, irratian Aturri behereko eta Landetako berrien emateko.

Fanny Lartigot, irratian hizketan. IñAKI ETXELEKU / BERRIA
Ipar Euskal Herriko Hitza
2020ko urriaren 30a
16:57
Entzun

Asi Gasconha elkarteko laguntzaileek aspaldian emankizun bat ekoizten dute Angelutik, Gure Irratiak urteetan hedatu zuena. Gaur egun, Radio Paisek hedatzen segitzen du. Duela hiru urte, Aturri behereko eremuan Radio Paisen adarraren sortzeko asmoa etorri zen. 2020an Euskal Hirigune Elkargoak 4.700 euroko diru laguntza emanik sortu dute, Asi Gasconhak Manex Goihenetxe kultur etxearekin eta Asti Denborako Unibertsitatearekin partekatu Angelu Tivoliko kulturgunean. Han dauka estudioa Fanny Lartigot kazetariak (Tarnose, Okzitania, 1986). Landetarik, Akizeko hiriguneak, Chalosseko lurraldekoak eta Luys eremuko herri elkargoak ere diru laguntzak eman dizkie. Landetako departamendu kontseiluak, haatik, ez die onartu.

Radio Pais Gaskoiniako elkarte irratia da, eta estudio nagusia Pauen dauka, baina beste lurraldeetan ere baditu adarrak?

Irratia 1983an sortu zen, Pauen. Helburua da egin ahala informazioa zabaltzea gaskoi eta biarnes okzitanieraz. Adar bat bada Biarnon, bat Gersen eta beste bat Bigorran. Radio Pais federazio bat bada, tokiko elkarteak biltzen dituena. Azkenik, 2017tik sortua da Radio Pais Lanas e Baish-Ador, Landetako eta Aturri behereko Radio Pais. Helburutzat daukagu frekuentzia bat lortzea eremu horretan. Galdea egin genion CSA erakundeari 2019an, frekuentzia ukaiteko Baionako eta Mont-de-Marsaneko aldeetan; zoritxarrez, ez zaigu onartua izan. Berriz entseatuko gara 2021ean.

Zenbat langile zarete? Zer programazio egiten duzue?

Eremu guzien artean, zortzi langile gara. Gau eta egun hedatzen dugu. Goizeroko zuzenekoa badugu, 09:00etatik aitzina, Lo Gran Descluc izenekoa (Iratzartze handia). Gero, herri bilketa lanen inguruko saio bat, musika emankizunak, kulturazkoak; Hego Ameriketako kulturei buruzko emankizuna ere bada, ezen nahi duen orok proposa dezake emankizun bat boluntario gisa. Berrogei bat boluntariok parte hartzen dute, nonbaitan.

Zuk zer programa egiten duzu irratirako?

Aktualitateari buruzko oren bateko emankizuna egiten dut, larunbatetan, 13:00etan hedatua dena irratiko frekuentzia guzietan; baita www.radiopais.fr atarian ere; podcast moduan ere entzun daiteke. Que s’ei passat a noste du izena. Goizerokoan ere sartzen naiz, ostiraletan, Aturri behereko eta Landetako aktualitatea aipatzeko. Heldu den astetik goiti, berri saila aurkeztuko dut ostegun goizetan.

Hizkuntza aldetik zer irizpide duzue okzitanierarekin edota dialektoekin?

Irekia da. Helburua da, zinez, hizkuntza bere aldaera guzietan entzutea. Goizerokoan berean kazetari bat biarnesez ari da, beste bat Bigorrako hizkeran; Gersekoak haien hizkeran ari dira. Aberastasun horren entzutea da interesgarria.

Zuk ama hizkuntza duzu okzitaniera?

Ez. Nahiko nuen. Haurrean entzuten nuen, aitak mintzo baitzuen. Ama Pirinio Garaietakoa zuen. Nik Bordelen ikasi nuen, fakultatean nintzelarik, Atzerri Hizkuntza Aplikatuen ikasketetan. Hautuzko hizkuntza gisa bazen okzitaniera.

Euskal Elkargoak laguntza berezia eman dizue.

Daukagun diru laguntzarik handiena Euskal Elkargoak eman diguna da.

Badakizue zenbat entzule dituen Radio Paisek?

Ez. Entzule inkestak izugarri kario direnez, ezin dugu egin. Interneteko atariko bisitariak jakin ditzakegu bakarrik: 3.000 bisitari egunean.

Elkarrizketak egitean, hiztun okzitaniarrak bilatzen dituzu, edo hedatzen duzu frantsesez ere?

Helburua da bakarrik gaskoiez hedatzea, baina gai batzuetan zaila da hiztunen aurkitzea. Halere, elkarteko kideei esker ahoz aho ezagutzen ditut hiztunak. Baina hor hirugarren astea da emankizunean bi hiztun ditudala gaskoiez eta bat frantsesez. Garrantzitsuena zait lurraldeko aktualitatea aipatzea. Galderak gaskoiez egiten ditut, eta ez dakitenak uzten ditut frantsesez mintzatzen, baina laburrago sartzen ditut, nihaurrek osatuz sarrera eta bukaera. Gero, hori aldatu da. Duela zortzi urte oraino, ez zen batere frantsesik hedatzen goizeko zuzenekoan. Itxaropena badut aurkituko ditudala denborarekin; xerkatu behar da.

Irratiko saioak entzutearekin, ohartzen gara ez dela kasik gizon bozik baizik. Emazte arras guti zarete.

Egia da, berehala ohartu natzaio horri. Alta, duela zortzi urte lan egin nuen jada Radio Paisen, eta bi emazte eta bi gizon ginen. Aski harro naiz emazte bozak berriz ekartzen ditugulako. Tarnosekoa naiz sortzez, eta, hemen, gaskoi hiztunak gizon zaharrak ziren bakarrik. Biarnon, hiztunak diren gazte belaunaldikoen artean, gizon bezainbat emazte gaztek mintzo dute. Pauerat heltzean harritu ninduen horrek. Hamar bat Calandreta badira Biarnon —murgiltze ereduko elkarte eskolak—, gela elebidunak. CFPOC egiturak gau eskola batzuk ere baditu, aldiro bost-hamar bat lagun biltzen dituzten gelekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.