Lanean konfinatuak

Konfinatze neurriak ez du aldaketa handirik eragin, oraingoz, Baionaren egunerokoan. Baina, haserre mintzatu da egoeraz herritar bat baino gehiago.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko urriaren 30a
17:48
Entzun

Udaberria oroitarazten duen eguzki giroan iratzarri da Baiona konfinatzearen lehen egunean. Oraingoak ez du, baina, udaberriko konfinatzearen itxura handirik. Lokal batzuk itxiak ageri badira ere, edozein ostiraletako giroa nabari da hirian zehar: jendea lanera joan da goizean goizetik, eskola oporretan diren haurrak jolasean ari dira jolas parkeetan gurasoak solasean ari diren bitartean, jendea ibilki da karrikan, autoak eta autobusak errepidean...

Itxaron lerro txiki bat sortu da Santizpiritu auzoko harategi baten aitzinean. Merkatu eguna izan ohi da ostirala, eta hor dira ohiko postuak, ondoko plazan ezarriak: barazki saltzailea, arrain saltzailea, eta janari prestatuena. Jende multzo bat bildua da bakoitzaren aitzinean. Ostiralero heldu dela aitortu du adineko emakume batek. Kazetariekiko mesfidati, ez du bere izena eman nahi: «ez dakit gero nola idatziko duzun». Egoerarekin «kokoteraino» dagoela erran du. «Itxurakeria hutsa da. Gaizki ikusia denez zaharrak konfinatzen dituztela erratea, konfinamendu orokorra deitzen dute, baina denak lanera doaz; gutaz trufatzen dira», mintzatu da haserre. Bazkaltzeko arraina erosi, eta poltsa eskuan joan da.

Baiona iparraldean, Gaskoien plazan, komertzio gehienak itxiak dira; zerbitzu publikoak, irekiak. Postetxetik atera da emakume bat, etxetik ateratzeko ziurtagiria eskuetan. «Etxean ez nuen lortzen inprimatzen; beraz, hona etorri naiz. Jadanik bazituzten ale batzuk prest, eta dohainik eman didate», poztu da. «Hala ere ez dut uste asko eskatuko digutenik, baina inkas nahiago dut ukan». Plazaren xoko batean gazte talde bat elkarri mintzo ari da; hortik hurbil, te saloia eta pizzeria biak batera egiten dituen ostatu-jatetxea. Itxia da, baina leihatilatik ari da hurbiltzen zaizkion bezeroei kafea zerbitzatzen. Ez du nahi argazkitan hartzerik. «Ez dakit zehazki zeren eskubide dugun», aitortu du. Egoeraz galdetuta, gordin erantzun du: «hor, zinez, kaka da». Ostiral normal batean 50 bat bezero izan ohi ditu; gaur, ez da hainbestera iritsiko. «Ondoko ostatua itxia denez, hona heldu da jendea kafe bila. Zerbitzatu ditut, baina, ez dakit berez baimena dudan». Bezperako eroaldia kontatu du. «Plazako supermerkatua tanpez betea zen; apalak hustu zituzten: bereziki komuneko papera eta pastak. Erokeria da; ez dut ulertzen. Komuneko papera nire azken arranguretarik da».

«Nekatuak gara, ahituak»

Intermarche supermerkatu aitzinean bi langile zigarreta erretzen ari dira. «Nekatuak gara, ahituak; ezin dugu gehiago», erran du bietako batek. Lanerako ordua bukatu zaie, baina, hor dira oraindik, eta ez dira berehalakoan etxeratuko. Kontatu dute saltegian ez dutela ohi baino jende gehiago izan, baina, etxera eramateko eskaeretan «erokeria» izan dela. «Jendeak sekulako eskaerak egin ditu; zernahi erosi dute. Burua galdu dute», erran du bigarren langileak. Eskuetako urradurak erakutsi ditu. «Alta, beste horrek konfinamendua iragarri zuenetik, %40 salgai gehiago eskuratzen dugu. Ez du zentzurik». Langile gisa nola bizi duten galdetuta, burumakur erantzun dute. «Zaila da», aitortu du lehenak. «Gainera, guk, ikasle kontratua dugu. Astearte eta asteazkenetan klasera joaten gara normalean; heldu den astean, aste osoan etorri beharko dugu». Langileen arduraduna atera da, eta zigarreta saltegiko ate aitzinean ez erretzeko eskatu die. Bukatu da elkarrizketa.

Hortik hurbil da Saint Frederic industrialdea. Mota guzietako enpresak biltzen dira hor; gehienetako aparkalekuak autoz beteak dira. Hauek ez dira telelanean ari.

Baionako geltokian nabari da mugimendu gutxien. Bidaiako zakuak ondoan dituztela eguzkia hartzen ari dira batzuk; geltoki barnean etzanda beste batzuk. Atzo gauean ehunka kilometroko auto lerroak izan ziren Parisen; konfinamendua hasi aitzin ihesi joandakoek sortuak, batzuen arabera. Ondoko egunetan ikusiko da horietako zenbat etorriko diren Euskal Herrira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.