Eibar 0-2 Cadiz

Hiru minutuan dena hankaz gora

Eibarrek ez du partida txarra jokatu, baina 36. eta 39. minutuen artean bi gol jaso, eta ezin izan dio partidari buelta eman. Negredo eta Salvi izan dira bisitarien golegileak.

ainara arratibel gascon
2020ko urriaren 30a
23:27
Entzun

Valladolidi eta Sevillari irabazi ostean, une gozoan zen Eibar. Baina gozotasun hori eten egin da, Cadizen aurka Ipuruan 0-2 galdu ostean. Jose Luis Mendilibarren taldeak izan du jokoaren ekimena une askotan. Baina Cadizek ondo eutsi dio, eta ondo baliatu ditu izan dituen bi gol aukera garbienak. Hiru minutuan utzi dute erabakita partida bisitariek. 36. minutuan Negredok egin du lehen gola, eta bigarrena Salvik 39. minutuan. Cadizek, San Mamesen erakutsi bezala, talde igo berria izan arren, Lehen Mailan lehiakor izateko gaitasuna duela erakutsi du, eta ondo landutako eta jarritako taldea dela.

Eibarrek hobeto ekin dio partidari. Sevillan bezala, Pozo eta Gil bezalako jokalariek bizitasuna eta erritmoa eman diote talde gipuzkoarrari, eta hori aprobetxatzen ahalegindu da. Baina ez du lortu. Bitartean, Cadiz ondo eusten ari zen Eibarren erasoei. Lehen ordu erdia horrela igaro da. Baina 36. minutuan ailegatu da Cadizen lehen kolpea. Diopek zelai erdian baloia galdu du, eta Espinok egindako erdiraketa sareetara errematatu du buruz Negredo beteranoak.

Hurrengo minutuetan Eibar lo egon da, eta hori baliatu dute espainiarrek ia erreskadan, 39. minutuan, bigarrena egiteko. Berriro ere zelai erdian galdutako baloi batetik iritsi da, eta oraingoan ere Diopek galdu du. Salvik pase sakona jaso, Dimitrovicen ate aurrean geratu, eta ondo gurutzatu du baloia. 0-2koarekin amaitu da partida.

Bigarren zatian Eibar saiatu da bere ohiko jokoa egiten, eta hegaletatik min egiten. Baina ez du lortu nahi beste min egitea. Zelaian ondo jarrita egotea nahikoa izan du Alvaro Cerveraren taldeak errentari eusteko. Are gehiago, Lozanok 0-3koa sartu du. Baina epaileak baliorik gabe utzi du, jokoz kanpo egoteagatik. Minutuak aurrera joan ahala nekea antzeman zaie Mendilibarrenei. Aldaketek ere ez dute esperotako emaitza izan, eta hala bukatu da neurketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.