Hegoaldean 2.000 positiboren langa gainditu da

Bigarren olatuko daturik txarrenak izan dituzte Araban eta Bizkaian. Guztira, 2.082 kasu atzeman dituzte. Beste bost lagun hil dira Nafarroan.

Osasun langileak lanean, Gurutzetako  ZIUan, artxiboko irudian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 31
13:17
Entzun

Neurriak ezarri arren, etengabe ari da handitzen positibo kopurua. Gaur beste marka bat ezarri dute Hegoaldean: 2.000 positiboren langa gainditu dute. Zehazki, 2.082 positibo atzeman dituzte, bigarren olatuko kopururik handiena.

Lurralde guztien egoera da kezkagarria. Bigarren olatutako daturik okerrena erregistratu dute Araban: 203 kasu, atzo baino 63 gehiago. Gero eta okerragoa da Bizkaiko egoera ere. Atzo gainditu zuen 100.000 biztanleko 500 positiboren tasa, eta gaur beste 688 kasuren berri eman dute; hau da, bigarren olatuko daturik txarrena. Gipuzkoako eta Nafarroako egoera ere makurra da. 596 kutsatu atzeman dituzte Gipuzkoan, urriaren 24tik izandako daturik okerrena —orduan 620 kutsatu izan ziren—. Nafarroan, berriz, 580 kasu daude, atzo baino 57 gutxiago. Egindako proba kopuruak eragina du datuetan, inoiz baino proba gehiago egin baitzituzten atzo. Hain zuzen, Osakidetzak eta Osasunbideak 21.492 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta %9,4k eman zuten positibo.

Positibo kopuruaren igoera horrek ospitaleetan du isla. Beste 127 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten atzo Hego Euskal Herriko ospitaleetan, daturik txarrena apirilaren 18tik —139 ospitaleratu zituzten orduan—.

Gaixo horien egoera ere kezkatzekoa da. 150 daude ZIUetan, atzo baino hamar gehiago. Datuek erakusten dute azken hilabeteetako egoerarik txarrena dela. ZIUei erreparatuz gero, esaterako, apirilaren amaieraraino joan behar da gaurko datuen antzekoak aurkitzeko. Hain zuzen, ez da hain datu txarrik erregistratu apirilaren 28tik —orduan 159 gaixo zeuden ZIUetan—.

Nafarroako Gobernuak hildakoen berri ere eman du: beste bost lagun hil ziren atzo. Eusko Jaurlaritzak, berriz, hildakoen datuak ez ditu egunero ematen, astero baizik. 85 lagun hil ziren Araban Bizkaian eta Gipuzkoan urriaren 19tik 25era.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.