Athletic 2-1 Sevilla

Lehoiak zaldia irentsi du

Athleticek irauli egin du Sevillaren aurkako norgehiagoka azkeneko ordu laurdenean. Muniainen eta Unai Lopezen lana erabakigarria izan da, bigarren zatian aulkitik aterata egin dutenagatik.

jarraia189109.jpg
haritz gallastegi
2020ko urriaren 31
21:54
Entzun

Ligako txapelketa oihanarekin aldaratzen da sarri. Mundu mailan dagoen txapelketarik indartsuenetako batean bizirik irautea ez da samurra. Ahuleziak dituztenek ez dute zereginik. Atzean gelditzen dira. Espainiako Ligan lehiakortasun handia dago. Urtetik urtera parekatuagoa da. Telebistatik eskuratutako diru sarrerei esker, talde apalenek ere proiektu sendoak osatzeko aukera dute. Beraz, kale egiten dutenek ordaindu egiten dute. Urtetik urtera gaitzagoa dela ligako basoan irautea, alegia.

Gaizka Garitanok zaldiekin alderatu zituen Sevillako jokalariak neurketaren bezperan. Indartsuak eta azkarrak zirela esan zuen. Bada, konfiantza handiarekin dauden maila oneko futbolarien kontra jokatzea baino erronka zailagorik ez da egongo. Zaldiak indartsu zelairatu dira San Mamesera eta zaurituta, berriz, etxeko lehoiak. Zalantza askorekin. Ez ziren asko izango Athleticen alde txakur txiki bat emango zutenak. Baina beti ez du onenak irabazten. Zaldiak gutxietsi egin du lehoia eta galdu egin zuen.

Athleticek irabazi egin du ez duelako amore eman. Zuri-gorriek zailtasun handiak izan dituzte Sevillari aurre egiteko. Julen Lopetegiren taldeak hobea dela erakutsi du zati handi batean, baina neurketa erabakitzeko aukera izan duenean, azken kolpea eman beharrean, eustearekin konformatu da. Athleticek, berriz, ondo baino hobeto baliatu du bere momentua.

Iker Muniain eta Unai Lopez izan dira zuri-gorrien garaipenaren giltza. Biak aulkitik zelairatu dira. Eta euren sormena eta freskotasuna erabakigarriak izan dira Sevilla menderatzeko. Taldearen norabide okerra aldatzeko asmoz hamaikakotik kanpo geratu diren bi futbolariak izan dira onenak. Izan ere, Garitanok Oier Zarraga eta Jon Morcilloren aldeko apustua egin du gaur. Zarraga galdu egin da Rakitic, Fernando, Jordan eta enparauen artean. Morcillok, berriz, eliteko dohainak dituela berretsi du.

Sevillak azkar hartu du aurrea, eta horrek erraztu egin dio bere lana. Berenguerrek eskuin hegalean egindako urruntze eskasa Acuñak baliatu du Ocamposi ondoko marrara pase neurtua emateko. Argentinarrak atzera egin du erdiraketa En Neseryk baliatu du huts eta batekoa sartzeko. Goleko jokalditik eta atsedenaldira iritsi arte nahi eta ezin aritu da Athletic. Ez da gai izan Sevillaren sarea zulatzeko. Bonok ez du lanik izan.

Bigarren zatiko lehen minutuak izan dira zuri-gorrien partetik txarrenak eta Sevillaren aldetik onenak. Lehen hamar minutuetan lehia erabakitzeko aukera izan du Lopetegiren taldeak. Athletic bere arean sartu du, eta En Neseryk gertu izan du bigarren gola. Navasek eskuin hegaletik egindako erdiraketa goitik behera errematatu du buruz, baina goleko marran urruntzea lortu du Iñigo Martinezek.

Athletic larri zegoela ikusita entrenatzaileak Unai Lopez zelairatu du zelai erdia berreskuratzeko asmoz. Handik minutu gutxira Muniain agertu da berdegunean. Eta euren arteko hartu emana eta Sevillaren jarrera epela —akaso nekea ere nabarituko zuen— nahikoa izan dira  neurketa kanpoko taldearen zelaian jokatzen hasteko. Athletic Bonoren area inguratzen hasi da, eta alde izan duen seigarren kornerrean Muniainek lortu du lehia parekatzea, Vesgak buruz egindako errematea are txikian eskuinez sareetara bidalita. Sevillari min eman dio golak, eta Athleticek aurrera egitea erabaki du. Garaipenaren sari potoloa Sanceten golari esker iritsi da. Zelairatu berria zen jokalariak eskuinez errematatu du area txikian Williamsek ezkerretik egindako erdiraketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.