Sean Connery

James Bondi nagusitu zitzaion aktorea

007 agentearen rolak eman zion mundu mailako ospea, baina Sean Conneryk jakin izan zuen James Bond baino gehiago izaten. Ibilbide aparta atzean utzita hil da aktore eskoziarra, 90 urterekin.

Sean Connery. JASON SZENES / EFE
Inigo Astiz
2020ko azaroaren 1a
07:45
Entzun

Connery. Sean Connery. Bera izan zen zineman James Bond 007 agentearen rola jokatu zuen lehen aktorea, eta nazioarteko izar bilakatu zuen horrek istantean. Guztira, zazpi Bond filmetan hartu zuen parte, 1962tik 1983ra arte. Pertsonaia nabarmen gainditu zuen aktorearen ibilbideak, halere, eta Bondena egin ostean jasotako sariak dira horren froga. 1986an, adibidez, BAFTA bat irabazi zuen Umberto Ecoren liburuan oinarritutako Arrosaren izenean filmean egindako lanagatik, eta taldeko aktore onenaren Oscar saria jaso zuen hurrengoan Brian de Palmaren The Untouchables-en jokatutako pertsonaiagatik. Fokupean dirdira egin arren, ordea, sekula ez du lortu Diane Cilento emazte ohiak leporatu zizkion tratu txarren itzala uxatzerik.

Edinburgon jaio zen: kamioilaria zuen aita, eta garbitzailea ama, eta, maiz aitortu izan zuenez, umetan pobrezia ezagutu zuen. 13 urterekin utzi zuen eskola, esne banatzaile aritu zen, armadan zazpi urte eman zituen, harik eta Mister Unibertso lehiaketan izena eman eta Londresera egindako bidaia hura antzerkian lehen saiakerak egiteko baliatu zuen arte. Antzerkitik telebistara pasatu, eta hortik helduko zen zinemarako jauzia gero. Bond bilakatuz heldu zen pantaila handira.

Bondek eman zion sona, baina, 1962tik 1971ra serieko sei filmetan parte hartu ostean, ez zuen ezkutatzen espioiaren pertsonaiak sortzen zion nekea ere. Gerora, 1983an, berriro heldu zion pertsonaiari, ironia handiko izenburua zuen film batean (Never Say Never Again). Ez zen hori izan, ordea, jokatu zuen pertsonaia garrantzitsu bakarra. Robin Hood zaharkitu bat ere izan zen (Robin and Marian), eta baita Indiana Jones arkeologo abenturazalearen aita ere (Indiana Jones and the Last Crusade). Bonden seriea filmatu bitartean, Alfred Hitchcocken Marnie filmean ere parte hartu zuen.

60ko hamarkada Bonden pertsonaiari lotuta igaro ostean, 70ekoan genero ezberdinetako filmetara eraman zuen Conneryk bere talentua. Sidney Lumet zinemagilearekin hainbatetan egin zuen lan (The Offence, Murder on The Orient Express), John Hustonen aginduetara, Kiplingen Indiara joan zen (The Man who would be King), John Miliusen The Wind and The Lion-en buruzagi berberea izan zen, eta iraultza aurreko Kuban ere izan zen Richard Lesterren Cuba-n. XXI.mendearen hasierara arte segitu zuen lanean.

Babes argia azaldu zion aktoreak beti Eskoziaren independentziari, eta, 2014ko erreferendumean, kanpaina egin zuen baietzaren alde.

Dirdira horrek guztiak badu aski itzal ere. Diane Cilento emazte ohiak, esaterako, aktoreak behin baino gehiagotan jo zuela salatu zuen bere memorietan. Aktoreak garrantzia kendu nahi izan zien akusazioei, eta beren harremanaren haustura ez gainditzeagatik mendeku hartzen saiatzea aurpegiratu zion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.