Celta 1-4 Reala

Realak markak hausten jarraitzen du

Txuri-urdinak 1-4 nagusitu ziren Balaidosen. Hala, donostiarrak sailkapeneko lehen postuan egongo dira beste astebetez. Lehen aldiz irabazi dituzte ligan lau partida jarraian gutxienez hiru golen aldearekin. 

Realeko jokalariak, Oiartzabalen gola ospatzen, Balaidosen. SALVADOR SAS / EFE
2020ko azaroaren 2a
07:53
Entzun

Realak lider segituko du beste astebetez, Celtari 1-4 irabazi ostean. Talde txuri-urdinak buelta eman dio Napoliren aurkako porrotari, eta Ligan fin dabilela berretsi du, nahiz eta Imanol Alguacilek atsedena eman, besteak beste, Merinori, Monreali eta Isaki. Laugarren garaipena du jarraian Ligan. Eta marka ezarri du. Izan ere, bere historian lehen aldiz, lau partida irabazi ditu ligan jarraian gutxienez hiru golen aldearekin. Horrez gain, 2002-2003ko sasoitik inoiz baino puntu gehiago lortu ditu lehen zortzi jardunaldiak jokatuta: hamazazpi guztira. 2002-2003 denboraldian, Reala txapeldunorde izan zen sasoian, hogei puntu eskuratu zituen. 

Ostegunean Napolesen kontra jokatu ondoren, Realak bost aldaketa egin zituen partida honetarako. Halere, partidaren hasieratik euren hanketan izan zuten baloia. Lehen zatiaren hasieran, donostiarrek ez zuten gol aukera garbirik izan, baina partidaren kontrola haiena izan zen. Pazientzia horrek 24. minutuan eman zuen fruitua. Aihenek jarritako erdiraketa buruz ate barrura errematatu zuen Silvak. Gol horren ostean, partidak beste erritmo bat izan zuen, biziagoa. Celtak kontraeraso batean izan zuen partida berdintzeko aukera, baina Beltranek huts egin zuen ate aurrean. Oiartzabalek Murilloren akats bat baliatu zuen gero, baina hark ere ez zuen asmatu. Berriz ere saiatu ziren etxekoak erantzuten, baina Aspasen jaurtiketa kanpora joan zen. Joan-etorri horretan, halere, Reala nagusi zen, eta Oiartzabalek berak sartu zuen bigarrena, baloiak zutoina jo ostean areako bizkorrena izanda. 

Bigarren zatian, Celta biziago atera zen, baina egoera horrek ez zuen asko iraun. Reala berriz nagusitu zen partidan. Portuk Murillori lapurtua zion baloia, eta area barruraino eraman zuen, hura Willian Joseri oparitzeko eta hark sareetara bidal zezan: 0-3. Txuri-urdinak ari ziren gehiago iristen, baina partidako hurrengo gola Celtak sartu zuen, penaltiz. Le Normandek Brais Mendez bota zuen area barruan, eta Aspasek ez zuen barkatu. Horrek ez zuen, baina, partidaren norabidea aldatu. Gebarak, Portuk eta Willian Josek eginiko jokaldiak azken horren bigarren gola ekarri zuen.

Celta: Ruben Blanco; Carreira, Araujo (Aidoo, 46. min), Murillo, Fontan; Beltran (Santi Mina, 56. min), Tapia; Baeza (Brais Mendez, 46. min), Denis Suarez, Nolito (Emre Mor, 66. min); Aspas.
Real Sociedad: Remiro: Gorosabel (Arambarri, 64. min), Le Normand, Sagnan, Aihen; Zubimendi, Guridi (Gebara, 65. min), David Silva (Roberto Lopez, 79. min); Barrenetxea (Merquelanz, 71. min), Oiartzabal (Portu, 46. min) eta Willian Jose.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.