Musika

Pedro Iturralde saxo jotzailea hil da

Faltzesen jaio zen, eta jazz musikaren aitzindarietako bat izan zen Euskal Herrian. Madrilen zendu da, 91 urte zituela

Pedro Iturralde, artxiboko ierudi batean. EMILIO NARANJO / EFE
mikel lizarralde
2020ko azaroaren 2a
09:25
Entzun

"Ni musikari jaio nintzen". Oso txikitatik jakin zuen Pedro Iturraldek (Faltzes, Nafarroa, 1929) musika izango zuela zaletasun eta, ahal zela, ogibide. "Hori nahi zuen aitak. Bera ez zen profesionala izan, baina gitarra eta klarinetea jotzen zituen besteak beste". Aitak  berak oparitu zion saxofoia, ume txiki bat zela, eta, 8 urte besterik ez zituela, udal bandan egin zuen debuta. 15 urte zituenerako, Logroñoko (Espainia) kafe orkestra batean ari zen jotzen biolin eta piano ikasketak egiten zituen bitartean, eta 18rekin Bilbon ari zen musikari profesional gisa. Azkar egin zituen bere lehenengo pausoak Iturraldek, eta berehala bilakatu zen musikari errespetatu eta laudatua. 1960ko hamarkadan, Madrilen finkatu zen, eta han hil zen, atzo goizean, 91 urte zituela.

1940ko hamarkadaren amaieran egin zituen nazioarteko aurreneko birak, eta 1949koa da haren lehen pieza ezaguna, La pequeña czarda, saxofoi eta pianorako idatzitakoa. Gerora hainbatetan joko zuen obra horretara musikari formazioak aldatuta. Hala, saxo eta klarinete laukotearekin grabatu zuen, eta baita haize boskote batekin eta orkestra sinfonikoarekin ere.

[youtube]https://youtu.be/qN12lEwWHOY[/youtube]

Libano, Turkia, Italia, Frantzia, Alemania eta Grezia zeharkatu zituen bira baten ondoren, 1960ko hamarkadaren hasieran Madrilen finkatu zen, estudioko musikari gisa hasi zen lanean, eta jazz banda bateko kide ere bihurtu zen. Lehenengo grabazioak Audrey Grey kantari estatubatuarrak gidatutako Manny Kelly orkestrarekin egin zituen, rockaren eta twistaren artean mugitzen ziren bi EP, eta lan horietan bere konposizioak ere sartu zituen. Berehala hasiko zen Iturralde bere izenean ere grabatzen.

60ko hamarkadarekin, gainera, jazz laukotea eratu zuen bere inguruan, eta Madrilgo Whiskey Jazz Cluben hartu zuen aterpe. Hamar urtez, ia egunero jo zuen Iturraldek han, eta oholtzako kide izan zituen nazioarteko hainbat jazz musikari ezagun:  Donald Byrd, Lee Konitz, Hampton Hawes, Paco de Lucia, Gerry Mulligan  eta Tete Montoliu, besteak beste. 

Flamenkoarekin harremana

Iturraldek oso gaztetatik izan zuen harremana flamenkoarekin edo flamenkoak eragindako musika klasikoarekin. Hala, Granados, Falla eta Albenizen obrak interpretatu zituen gazte zela, eta 60ko hamarkadan berriro heldu zion jazza eta flamenkoa uztartzeari. 1966an, gitarra flamenko bat lagun zuela, Berlingo Jazz Jaialdian jo zuen, eta, esperientzia hark akuilatuta, fusio hura grabazioetara eraman zuen berehala, lehendabizi Paco Antequerarekin, eta ondoren Paco de Luciarekin.

[youtube]https://youtu.be/M5I65LODdfI[/youtube]

70eko hamarkadaz geroztik, Iturraldek hainbat sari jaso zituen diskoak grabatzen jarraitzen zuen bitartean.

1995ean Vianako Printzea saria jaso zuen, eta 1992tik Faltzesko Seme kutun zen. Hain zuzen ere, Gloria Olkoz alkateak atzo adierazi zuen "merezi duen" omenaldia egingo diotela Iturralderi egoerak aukera ematen duenean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.