Txirrindularitza

Kern Pharma taldea UCI Pro Team-en ariko da datorren sasoian

Nafarroako taldeak denboraldi bat eman du UCI Continental mailan, eta txirrindularitzako bigarren mailara igoko da. Juanjo Oroz zuzendaria pozik agertu da.

Kern Pharmako txirrindulariak, entrenamendu batean. @EQKERNPHARMA
ainara arratibel gascon
2020ko azaroaren 2a
12:24
Entzun

Hazten segitzeko beste urrats bat egingo du datorren sasoian Kern Pharmak. Nafarroako taldea txirrindularitzako bigarren mailan arituko du: UCI Pro Team kategorian, hain zuzen ere. "Argi dugu ez diogula sekula hazteari utzi behar", adierazi du Manolo Azkonak, taldeko zuzendaritzako buruak. Eta hau berretsi du: "Gure ilusioa eta nahia zera da, egunen batean lasterketa handi bat irabaztea. Ez dakigu lortuko dugun, goi mailako taldeak daudelako. Baina gu umilak eta ausartak gara, eta horretarako egiten dugu lan".

Juanjo Orozek zuzentzen duen taldea denboraldi honetan hasi da UCI Continental mailan, eta urtebete eskas pasatuta egingo du Pro Team mailarako urratsa. Taldeak garaipen bat erdietsi du: Enrique Sanzek Belgrade-Banjaluke lasterketako hirugarren etapan lortutakoa. Aipagarria izan zen, era berean, Espainiako Txapelketan egindako lana, eta Roger Adriak Burgoseko itzulian, Picon Blancoko etapan, egindako ihesaldia.

Orozek nabarmendu du "emozio handikoa" izan dela denboraldia. "Jendeari emozio hori helarazten ahalegintzen gara. Lehen eguneko ilusioak hor segitzen du. Proiektu hau sortzeko ezarri genituen oinarriek hor segitzen dute, eta gurekin batera proiektu hori abiatu duen jendea dira horien euskarri nagusia".  Zuzendariak argi du "bidea egiten" segitu nahi dutela. "Baina ez edozein bide, gurea baizik. Betidanik argi izan dugu ez digula balio edozein garaipenek, eta are garrantzitsuagoak direla garaipenak lortzeko filosofia, lana eta balioak". Mugarriak ere ezarri ditu: "Hurrengo denboraldian World Tourreko lasterketak ezagutzeko aukera izan dezakegu. Lehen aldiz lehiatuko gara Espainiako Vueltan parte hartzeko gonbidapen bat eskuratzeko. Baina 2023tik aurrera Vueltako podiumean egoteko borrokatu nahi dugu". Horretarako gakoa zein den ere azaldu du: "Garrantzitsua izango da multzoari eustea, eta gure txirrindulari gazteen talentuan sinesten jarraitzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.