Euskara

Nafarroako errege-erreginen euskarazko izenak nola eman arautu du Euskaltzaindiak

Akademiaren 192. arauan, Iruñeko eta Nafarroako Erresumako 42 errege-erreginen izenak zehaztu dituzte; besteak beste, Eneko Enekoitz, Eneko Arista, Antso III.a Gartzeitz edo Antso Nagusia, Zuria I.a, eta Joana III.a edo Joana Albretekoa.

Joana Albretekoa, Nafarroako erregin kalbinistaren erretratu bat. FRANçOIS CLOUET (1570)
Edu Lartzanguren.
2020ko azaroaren 2a
17:18
Entzun

Etxeko lanak egin ditu Euskaltzaindiak. Europako hainbat errege-erreginen izenak euskaraz nola eman araututa zeukan aspaldi, eta haien izen-deiturak zerrendatuta. Antzinakoak zein gaurkoak sartzen ziren arau horietan, hala Euskal Herriaren inguruko monarkietakoak (Aragoikoak, Gaztelakoak eta Frantziakoak) nola urrutiagokoak. Baina etxekoak falta. «Euskal Herriaren historian hain toki nabarmena izan zuten Iruñeko eta Nafarroako Erresumako errege-erreginen izenak ez dira arau horietan ageri, izen horiek bereiz eta xeheago landu eta plazaratu nahi baitzituen Euskaltzaindiak», adierazi du akademiak, ohar baten bidez.

Gaur argitaratu du Euskaltzaindiak 192. araua, eta Iruñeko eta Nafarroako Erresumako 42 errege-erreginen izenak zehaztu. Horien artean daude Eneko Enekoitz edo Eneko Arista, Antso III.a Gartzeitz edo Antso Nagusia, Tibalt II.a edo Tibalt Gaztea, Joan II.a edo Joan Usurpatzailea, Zuria I.a, Joana III.a edo Joana Albretekoa.

Nola erabaki dute euskaraz nola eman horien izenak? Euskaltzaindiak irizpideak azaldu ditu arauan bertan: hasteko, erabaki dute izenok euskarara egokitu behar direla, inguruko hizkuntzetan ere hala jokatzen delako garai hartako monarken deiturekin.

Baina Luis eta Maria errege-erreginak, ala Koldo eta Miren? Euskaltzaindiak santutegiko izenen arauan onarturikoa aintzat hartzea erabaki du, alde batera utzita Arana-Eleizalderen izendegiko formak. Beraz, Henrike, Luis, Maria, Katalina eta halakoak agertzen dira Euskaltzaindiak emaniko zerrendan.

'Gartzeiz' eta 'Enekoitz'
Azaldu dute patronimikoak emateko araua ezarri dietela errege-erregin izenei ere. Horrela, gazteleraz Garces eta Iñiguez ematen direnak Gartzeiz eta Enekoitz direla ebatzi du Euskaltzaindiak, Ruitz, Ortitz, Peritz eta beste patronimikoekin egin bezala.

Izenen zerrenda eman dute euskaltzainek, kronologikoki ordenatuta, eta errege edo erregina bakoitzaren informazio gehigarriz lagunduta, hala nola izengoitiak. Frantsesez, gazteleraz eta ingelesez nola ematen diren ere jaso dute arauan.

Euskaltzaindiak aurtengo ekainetik irailera arte Donostian eta Bilbon eginiko hiru bileratan onartu dute araua.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.