Euskaraldia

Kudeaketa aurreratua eta euskara

Euskalit fundazioak Euskaraldiarekin bat egin du. Erakundeetan kudeaketa aurreratua sustatzea da haren zeregina.

Euskalit fundazioko lantaldea 2018ko Euskaraldian. EUSKALIT
2020ko azaroaren 4a
09:26
Entzun

Duela bi urte bezala, Euskalit fundazioakEuskaraldiarekin bat egin du. Fundazio gisa elkartutako erakunde taldea da Euskalit, Eusko Jaurlaritzak bidea emanda, erakundeetan kudeaketa aurreratua sustatzeko eta, horrela, Euskal Autonomia Erkidegoaren lehiakortasunari eta garapen iraunkorrari laguntzeko.

Eusko Jaurlaritzak industria sendotzeko zuen arduratik jaio zen Euskalit, 1990eko hamarkadan. 1992ko abenduan, 18 euskal erakunde batu egin ziren, eta Euskalit sortu zuten, enpresa eta erakundeen kudeaketaren hobekuntza eta berrikuntza bultzatzeko asmoz.

Euskalit modu azkarrean ezagutzeko, hona hemen azken urteko zenbait datu:
• 18 pertsona aritzen dira lantaldean, eta 820 erakunde dira Euskaliten laguntzaile. • Patronatua 25 erakunde publikok eta pribatuk osatzen dute. • 100 ekitaldi publiko antolatu eta 5.700 pertsona elkartu ditu kudeaketa aurreratua, kudeaketa tresnak eta erakundeen jardunbide egokiak zabaltzeko eta trukatzeko saioetan. • Sektore guztietako 1.800 erakunde eta 4.500 pertsona izan ditu prestakuntza programetan eta kudeaketa tresnak ezartzeko programetan eta tailerretan. • Euskal erakunde publikoek sektore desberdinetan kudeaketa profesionalizatu eta berritzeko martxan jarritako programetan laguntzen du: industria, osasuna, merkataritza, hezkuntza, gizarte ekintza... • 400 erakunderen kudeaketaren egoeraren diagnostikoa egiten lagundu du, kudeaketaren elementu desberdinetan duten indarguneak eta zer hobetuak identifikatzeko eta lehenesteko. • 2.500 pertsona daude ebaluazio-klub edo taldeetan, erakundeei hobetzen laguntzeko, eta praktika onak ezagutu eta partekatzeko.
Euskalit euskal administrazioaren aliatua da, kudeaketa aurreratua hainbat sektoretan bultzatzeko eta gauzatzeko, prestakuntza programetan, erakundeen jarraipenean eta laguntza zerbitzuetan eta ebaluazio prozesuetan duen eskarmentuagatik.

Horrela, Euskalitek, 2006tik Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bidelagun, Bikain Euskararen Ziurtagiriaren diseinuan, prestakuntzan eta ebaluazio prozesuaren
koordinazioan dihardu.

Kudeaketa aurreratua, euskararen aliatua

Kudeaketa Aurreratua, erakundea kudeatzeko (gidatzeko, antolatzeko, garatzeko, egituratzeko, ulertzeko) filosofia bat da, eta honen helburua da ahalik eta emaitza onenak lortzea interes talde guztientzat, modu iraunkor eta orekatuan.
Kudeaketa aurreratua duten erakundeek argi dute nora joan nahi duten eta zer lortu nahi duten, eta hori lortzeko estrategiarik egokiena definitzen eta ezartzen dute, bezeroen nahiak kontuan hartzen dituzte zerbitzu eta produktuak eskaintzeko orduan, pertsonak zaintzen dituzte, haien inplikazioa eta motibazioa lortzeko, beste erakunde batzuekin elkarlanean aritzen dira, gizartean eragin positiboa lortu nahi dute, eta berrikuntza erabiltzen dute beren erronkei aurre egiteko.
Hortaz, kudeaketa sistema aurreratua duten erakundeek garrantzitsutzat jotzen dituzten elementuak garatu eta hauetan emaitza onak lortzeko aukera gehiago dute, elementu eta politika desberdinak (hizkuntzak, ingurumena, genero berdintasuna, kalitatea…) integratu egiten dituztelako, eta ez direlako modu isolatuan edota paraleloan kudeatzen.
Horrela, kudeaketa sistema aurreratu batek hizkuntzekin lotutako alderdiak modu eraginkorrago batean garatuko ditu.

Euskara modu egokian erabiltzean erakundea interes taldeen beharrekin lerrokatuko da, zerbitzu hobea eskainiko die bezeroei, langileekin lotura indartuko du, bat egingo du gizartearen testuinguruarekin eta administrazio eta legeen eskakizunekin. Gainera, euskara ez kudeatzeak arrisku estrategikoak ekar ditzake erakundearentzat, honen garapena eta lehiakortasuna baldintzatu eta mugatu dezakeelako.

Horregatik guztiagatik, Euskaliten helburua da euskararen erabilera areagotzea.
Horrela, euskararen kudeaketaren arloan Euskalitek urrats hauek eman ditu: • 2007ra arte helburu orokor batzuk zehaztuta zeuden euskararen presentzia eta erabilerari buruzkoak: «Euskararen presentzia eta erabileran pixkanaka-pixkanaka aurrera egingo da».  • 2007an Bikain ziurtagiriaren EMErekin (erreferentzia marko estandarra) autoebaluazioa egin ondoren, hizkuntza politika zehazten hasi ziren Euskaliten. • 2013an hizkuntza-politika berria sortu zen, irizpideak zehaztu, eta prozesuen kudeaketarako dokumentuan integratu zituzten. • Emandako pauso guztiak adostuak izan dira, langile guztiekin eta zuzendariaren lidergoarekin, eta Patronatuaren oniritzia daukate. • Prozesuak kudeatzeko prozesuan txertatuta daude hizkuntza-irizpide orokorrak, eta zenbait prozesutan irizpide zehatzak ere. Hortaz, kudeaketa sistema orokorrean txertatuta dago hizkuntzen kudeaketa. • Hizkuntza irizpideak ez betetzeagatik dauden intzidentziak apuntatu eta jasotzen dira. • 2007tik hona 5 autoebaluazio egin dituzte, EME erabiliz, 2007, 2012, 2013, 2017 eta 2018an.

Euskaraldia

2018an gizarte mailan eta Euskaliten hizkuntza ohituren aldaketan pauso garrantzitsuak eman zituzten Euskaliten Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimenaz baliatuz. Eta Euskaraldiaren bigarren ekitaldi honetan urrats berriak emango dituzte, eta norbanakoen konpromisotik taldeko konpromisoetara jauzi egingo dute, hizkuntza praktika berriak bultzatzeko eta haien hizkuntza politikari jarraiki aurrerapausoak ematen jarraitzeko. «Gure harremanetan euskararen erabilera areagotzea da gure helburua», azaldu dute.

Euskaraldiarekin, Euskaliteko langileei hamabost egunetan euren hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egitea proposatu diete, ahobizi edo belarriprest rolak erabiliz. Horrez gain, Euskaliten euskaraz hitz egiteko gai diren hiztun taldeak identifikatu dituzte, 13 barne arigune sortuz. Uneoro euskaraz hitz egiteko aukera bermatuko da arigune horietan.
COVID-19ak sortutako egoerak lan dinamika baldintzatu badu ere, Euskaliten euskaraz bizitzeko eta lan egiteko pausuak ematen jarraitu nahi dute. Horretarako,  Euskalit osatzen duten pertsona guztien inplikazioa beharrezkoa izango dela azpimarratu dute: «Ekin diezaiogun euskarari! Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan!».

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.euskalit.net.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.