Espainia

Espainiako errege familiako hainbat kidek erabilitako txartel «beltzak» ikertzen ari dira

Juan Carlos Borboikoak, Greziako Sofiak eta beste «senide zuzen» batzuek txartelokin eginiko mugimenduak aztertzen ari da ustelkeriaren kontrako fiskaltza.

Juan Carlos Borboikoa eta Greziako Sofia, urtarrilaren 29an, Madrilen, senide baten hiletan. EMILIO NARANJO / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko azaroaren 3a
11:23
Entzun

Juan Carlos Borboikoa Espainiako errege emerituak, haren emazte Greziako Sofiak eta bikotearen hainbat bilobek erabilitako kreditu txartel batzuk ikertzen ari da Espainiako ustelkeriaren aurkako fiskaltzak, Eldiario.es informazio webguneak gaur zabaldu duenez. Ikerketaren iturriak aipatzen ditu hedabideak, eta azaldu du txartelak «beltzak» direla, ez daudelako Espainiako errege familiako kideen izenean, eta oraindik ez dakitelako nondik datorren dirua.

Fiskaltza 2016tik 2018ra eginiko gastuak ikertzen ari da. Juan Carlos Borboikoaren abdikazioa 2014ko ekainaren 19an gauzatu zen ofizialki, beraz, hura eta emaztea txartelekin eginiko mugimenduongatik epaitzeko aukera legoke, Espainiako legeak monarkei ematen dien babesetik at legokeelako, hedabidearen arabera.

Txarteletako dirua nondik datorren ikertzen ari dira, baina dagoeneko esan dute «Espainiatik at» duela jatorria. Galderak bidali dituzte dagoeneko hainbat herrialdetara, txartelen atzean nor dagoen argitzeko. Hedabidearen arabera, dagoeneko Mexikoko hiritar bat eta «Guardia Zibilaren buru bat» identifikatu dituzte.

Fiskaltzak ogasunaren kontrako delitu baten zantzuak topatu ditu, informazioaren arabera: «Deklaratu gabeko 120.000 euroko errenta handitzeak ekinaldi bakarrean».

Atzeman dituzten gastuen artean Londreserako hainbat bidaia daude. Greziako Sofia han bizi da aspaldi. Guneak azaltzen duenez, aurten 111.854 euro jasoko ditu, besteak beste Hego Euskal Herriko biztanleek ordaindutako diru publikotik. Errege emerituak, berriz, 161.034 euro jaso zituen iaz aurrekontuetatik.

Ikerketak beste fronte bat irekiko lioke Borboi familiari. Izan ere, dagoeneko ikerketapean dago 2008. urtean Saudi Arabiatik ustez jaso zituen 65 milioi eurorengatik. Edonola ere, auzi hori artxibatzeko arriskua dago, abdikazioaren aurretik gertaturiko ustezko lege hausteak liratekeelako, eta, beraz, ezin epaituak Espainiako Konstituzioaren arabera. Haatik, orain zabalduriko ekintzengatik balego errege familiako kideok epaitzerik.

Edonola ere, fiskaltzaren iturriek adierazi dute txartel beltz horien onuradunen artean ez leudekeela Felipe Borboikoa Espainiako gaurko erregea, haren emazte Letizia Ortiz edo Leonor Borboikoa. Bai, ordea, beste «senide zuzen batzuk».

Abuztuan egin zuen ihes

Juan Carlos Borboikoak abuztuaren hasieran jakinarazi zuen aurrerantzean herrialdetik kanpo biziko zela, bere «iraganeko bizitza pribatuko zenbait gertakari izaten ari den oihartzun publikoarengatik». Ordurako, Saudi Arabian zegoen. Suitzako eta Espainiako fiskaltzak zabalduriko auzietatik ihesi.

Ikerketa 2018. urtean hasi zen. Suitzako Polizia Judizialak herrialde hartako bankuetan kontuak irekita zeuzkaten bi fundazio aurkitu zituzten. Lehenak (Zagatka) Liechtensteinen zuen egoitza, errege emerituaren urruneko lehengusu baten izenean, eta haren bitartez ordaindu zituzten Juan Carlos Borboikoak Corinna Larsen bikotekide ohiarekin eginiko bidaiak. Bigarrenak (Lucum), berriz, Panaman zuen egoitza, eta horren onuradun nagusia Juan Carlos Borboikoa zen, eta bigarrena, haren seme Felipe.

Suitzak jakinarazi zuen borboitarrek 68,8 milioi jaso zituztela Lucum fundazioaren kontuan. Saudi Arabiako Finantza Ministerioak ordaindu zituen, eta litekeena da Mekarako trenbidearen esleipenarekin lotutako komisio bat izatea. Lau urte geroago, diru hori Bahametako beste kontu batera mugiarazi zuen errege emerituak; Solare sozietatearen izenean zegoen kontu batera. Sozietate horren jabea Larsen zen. Suitzako fiskaltzak kontu guztiak bahitu zituen, eta auzi bat ireki zuen, sekretupean, diru zuritzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.