2016an botoa eman zutenen %71k jada bozkatu dute

Milioika estatubatuarrek posta bidez bozkatzea erabaki dute: 99 milioi dira. Duela lau urte baino parte hartze handiagoa espero da.

Hauteskundeetan lanean ari den langile bat, Los Angelesen, aurretik emandako botoak dituen edukiontzi bat irekitzen. ETIENNE LAURENT, EFE
ander perez zala
2020ko azaroaren 3a
12:18
Entzun

AEBetako presidentetzarako hauteskundeetako botoen zenbaketak luze joko du. Koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz, milioika herritarrek erabaki dute botoa posta bidez ematea, eta dagoeneko 2016an bozkatu zutenen %71k eman dute beren hautuaren berri: 99 milioi dira. Joera horrek, ordea, errepublikanoei ate bat ireki die: emaitzen legezkotasuna eta zilegitasuna zalantzan jartzea.

Gau luzea espero da, tentsio handikoa. Donald Trumpek, bozketa bezperan, adierazi du bozak «azaroaren 3an amaitu behar» direla, «ez geroago». Posta bidezko botoen zenbaketari egin dio erreferentzia, estatu batzuetan egunak beharko dituztelako horiek zenbatzeko, eta, hortaz, behin betiko emaitzak jakinarazteko.

Testuinguru horretan, errepublikanoak, jakinik beren hauteskunde oinarriaren gehiengoak botoa hauteskundeen egunean emango duela, bozen gauean bertan garailea aldarrikatzeko asmotan dira. Izan ere, posta bidezko botoak zenbatu gabe, litekeena da Trumpek izatea aldeko boto gehien.

Gerora, boto guztiak zenbatuta Bidenek irabaziko balu, errepublikanoak prest leudeke prozesua auzitara eramateko, Gorenera jotzeraino. Agintari errepublikanoak iragan astean aukeratu zuen beste epaile bat, eta, hortaz, joera kontserbadorekoak dira nagusi auzitegi horretan. Ikusteko dago, beraz, horrek zer egoera eragingo duen.

Estatu bakoitzaren arauak eta asteotan izandako joerak aztertzea besterik ez dago horretaz jabetzeko. Gaur goizerako, Texasen, Hawaiin eta Montanan posta bidez bozkatu dute 2016an bozkatu zutenen %100ek baino gehiagok; Washingtonen, Nevadan, Mexiko Berrian, Georgian, Floridan, Ipar Carolinan eta Coloradon ere duela lau urteko kopurua gainditzear dira. Demokraten ustetan, beren oinarriaren gehiengoak posta bidez bozkatu du, eta, hortaz, datozen egunetako zenbaketan du jarria itxaropena.

Halere, AEBetan, posta bidezko bozketa kontzeptua ez da soilik aukera horretara mugatzen. Lau aukera ahalbidetzen ditu: izenak dioen bezala, botoa posta bidez bidaltzea; kaleetan jarri dituzten bozketa kutxa batean uztea; hauteskunde eguna baino lehen aurrez aurre ematea, horretarako ahalbidetu duten epe batean; edo hauteskunde egunean bertan aurrez aurre ematea.

Kasua edozein dela ere, estatu bakoitzak bere arauak ditu horien zenbaketa hasteko. Honako hauek dira kasuetako batzuk, jokoan dauden tokietan:

Arizona: hauteskunde eguna baino hamalau egun lehenago.
Colorado: hamabost egun lehenago.
Florida: 22 egun lehenago.
Georgia: hauteskunde eguneko 07:00etatik aurrera.
Michigan: hauteskunde egunean, bozkatzeko epea amaitu aurretik.
Minnesota: hauteskunde egunean, bozkatzeko epea amaitu ostean.
Ohio: hauteskunde eguna baino lehen, edonoiz.
Texas: hauteskunde egunean, bozkatzeko epea hasten denean.

Denera, 22 estatuk eta Columbiako barrutiak zenbatuko dituzte botoak hauteskunde egunaren ostean, betiere botoa azaroaren 3an edo lehenago eman bada. Badira batzuk onartuko dituztenak bozen egunaren ostean jasoko dituzten botoak, baina gehienek ez dituzte onartuko bihartik aurrera jasoko dituztenak.

Nori egingo dio mesede?

Demokratek uste dute irabazteko besterik ez dutela posta bidezko botoen bidez, baina Standford Unibertsitateak eta Zientzien Garapenerako Amerikako Elkarteak aurten ezagutarazitako bi ikerketaren arabera, ez da zertan halakorik gertatu; uste dute ez diola inori mesede egingo. Halere, koronabirusak sorturiko egoerak ezohiko bilakatu ditu aurtengo bozak, eta ikusteko dago ikerketa horiek diotena bete egingo den.

Hori bai, orain arteko joera beteko balitz, parte hartzea nabarmen handituko litzateke 2016koarekin konparatuz gero, eta litekeena da inoizko handienen artean egotea. Izan ere, aurtengo bozak aztertu ostean, FiveThirtyEight atariak ondorioztatu du jende gehiagok bozkatu duela aurrez aurre bozen egunean, posta bidez baino, azken aukera hori handitu den arren. Eta, horrekin batera, parte hartzea ez dela txikituko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.