Bi astez luzatuko dituzte neurriak Nafarroan

Remirezek funtsezkotzat jo du harreman sozialak «ahalik eta gehiena» murriztea. Indurainen arabera, beharrezkoa da aste honetan kutsatzeak murriztea, osterantzean ospitaleetako egoera «larria» izango delakoan. 

Taberna bat itxita, Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko azaroaren 3a
13:28
Entzun

Nafarroako Gobernuak bi astez luzatuko ditu izurritea geldiarazteko asmoz hartutako neurriak. Haren arabera, beraz, indarrean jarraituko du, besteak beste, Nafarroatik irteteko arauak, eta baita gaueko mugimenduak eta bilkurak mugatzea helburu dutenak ere. Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak adierazi duenez, egun hauetan posible da hartutako neurrien eragina nabaritzen hastea, baina «zuhurtzia» eskatu du. Funtsezkotzat jo du harreman sozialak ahalik eta gehien murriztea: «Guztiok norabide horretan eginez gero aurrera, eta, neurriak betez gero, berandu baino lehen aterako gara egoera honetatik».

Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilaria ere gaur eguerdian eginiko agerraldian egon da, eta adierazi du «beharrezkoa» dela aste honetan kutsatzeen datua murriztea, osasun sistemaren egoera oinarri hartuta. Jakinarazi duenez, ospitaleetan egun gogorrak espero dituzte; besteak beste, ZIU zainketa intentsiboetako unitatean 61 pertsona daudelako ospitaleratuta. Hain zuzen, nabarmendu du Nafarroan bigarren olatuko kopururik handiena dela hori. Gainera, erantsi du azken asteetako kutsatzeen ondorioz pertsona gehiago ospitaleratu behar izan dituztela, eta horietatik zenbait egoera «larrian» daudela, ZIUetan. «Zainketa intentsiboetako egonaldiak luzatzen ari dira, eta, ondorioz, ospitaleetan emandako sendagiriek —batzuetan, heriotzak— ez dituzte ospitaleratze berriak konpentsatzen».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.