Ekialde Hurbila

Palestinako preso batek ehun egun bete ditu gose greban

Maher al-Akhras protestan ari da Israelen atxilotze administratiboak salatzeko. Haren bizitza arriskuan dagoela eta, irtenbide bat galdegin dute Europako Batasunak eta NBEren Ekialde Hurbilerako ordezkariak.

Manifestari palestinarrak eta Neturei Karta elkarte judukoak, urriaren 21ean, Maher al-Akhras presoaren aldeko protesta batean, Zisjordaniako Hebron hirian. ABED AL-HAXLAMOUN, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko azaroaren 3a
16:37
Entzun

Erresistentziaren eta Israelen atxiloketa administratiboen kontrako borrokaren ikur bihurtu da Maher al-Akhras Palestinako presoa. Ehun egun bete ditu gaur gose greban, Israelgo ospitale batean atxilo dagoela. Larria dago, eta hura aske uzteko eskatu diote giza eskubideen aldeko hainbat nazioarteko erakundek Israelgo Gobernuari.

Al-Akhrasek 49 urte ditu, eta Zisjordaniako Jenin hiriaren ondoko Silat Al-Daher herrian bizi den baserritar bat da. Uztailaren amaieran espetxeratu zuen Israelek, Jihad Islamikoa talde armatuko kide izatea leporatuta. Shin Bet Israelgo «terrorismoaren» kontrako agentziaren arabera, bosgarrenez hartu zuten preso uztailean. Al-Akhrasek ukatu egin du talde horretako kidea denik egun.

Inolako epaiketarik egin gabe daukate preso, atxilotze administratiboa ezarrita. Hain justu, horregatik hasi du gose greba Al-Akhrasek: Israelgo atxilotze sistema hori salatzeko. Ehunka dira atxilotze administratiboen ondorioz Israelgo espetxeetan preso dauden palestinarrak; inolako kargurik gabe, epaiketarik gabe edo aske gelditzeko datarik gabe. HaMoked elkartearen arabera, egun 387 preso palestinar daude Israelgo kartzeletan, atxilotze sistema horren ondorioz. Atxilotze administratiboaren bidez, Israelen mugagabe izan ditzake espetxeratuta «terrorismo» delituen ustezko erantzuletzat jotzen dituenak, sei hilabeteko atxiloaldiak berrituz.

«[Al-Akhras] Munduari eta bere kasua aztertzen ari diren erakundeei bidaltzen ari den mezua da legearen eta nazioarteko hitzarmenen kontrako krimenak gertatzen ari direla», adierazi dio Efe albiste agentziari Tareq Selmi Al-Akhrasi babesa emateko herritar batzordearen bozeramaileak.

Hainbatetan salatu dute atxilotze administratiboa nazioarteko eragile ugarik, oinarrizko eskubideak urratzen dituela eta nazioarteko legediaren kontrakoa dela uste baitute. Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuak eta Nikolai Mladenov NBEren Ekialde Hurbilerako ordezkariak kezka agertu dute aste honetan, sistema horren erabilerarengatik. «Atxilotze administratiboekin espetxeratutako oro berehala izan beharko litzateke auzitegi batean akusatua eta epaitua, ala atzerapenik gabe aske gelditu beharko litzateke», adierazi du Mladenovek.

Israelek, ordea, ez die salaketei jaramonik egin, eta sistema hori erabiltzen jarraitzen du; bereziki, palestinarren kontra. Gobernuak argudiatu du ezinbesteko elementua dela «terrorismoaren» kontrako borrokan, eta epaiketarik gabeko atxiloketak beharrezkoak direla batzuetan, sekretupeko polizia operazioak babesteko.

AOHR Giza Eskubideen Aldeko Elkarte Arabiarrak Benjamin Netanyahuren gobernuari presio egiteko eskatu die nazioarteko eragileei, «denbora agortzen» ari delako. Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearen esanetan, Al-Akhrasen egoera «kritikoa» da. Borrellek eta Mladenovek irtenbide bat eskatu diote Israelgo Gobernuari. «Eskaerak berandu badatoz ere, garrantzitsuak dira», adierazi du Qadri Abu Bakr Palestinako presoen eta preso ohien auzietarako batzordearen buruak.

Israelgo agintariek atxiloketa epea ez luzatzea eskaini diote Al-Akhrasi, gose greba bertan behera uztearen truke. Printzipioz, azaroaren 26an amaitzen da haren atxiloaldia. Al-Akhrasek, ordea, protestarekin jarraitzea erabaki du, eta berehalako askatasuna aldarrikatzen segitzen du. «Badaki Israelen Okupazio Agintariak atzeratzen ari direla eta atxiloaldia luza diezaioketela berriro ere», adierazi du Bakrek.

Taghrid al-Akhras presoaren emazteak azaldu duenez, bere senarra larri dago. Min handia du bularrean eta buruan, eta zailtasunak dauzka entzuteko, ikusteko eta hitz egiteko. Giza eskubideen aldeko zenbait elkartetako medikuek adierazi dute kalteak dituela giltzurrunetan, gibelean eta bihotzean.

Al-Akhrasen defentsa abokatuak Israelgo Auzitegi Gorenera jo du presoaren askatasuna eskatzeko, baina epaileek baztertu egin dute eskaria. Adierazi dutenez, Al-Akhrasek Jihad Islamikoko kide delako ebidentzia nahikoa dago hura espetxeratuta mantentzeko.

Preso palestinarrek protestarako bide gisa erabili ohi izan dute gose greba, baina ezohikoak dira Al-Akhrasenak beste iraun dutenak. Iaz, Ahmad Ghannam presoak 102 egun egin zituen gose greban, Israelek haren atxilotze administratiboa ez luzatzea erabaki zuen arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.