Eztanda egingo duen beldur

AEBetako hainbat hiritan segurtasun neurri bereziak hartu dituzte denda eta instituzioetan. Posta bidezko botoetan «iruzurrik bada» auzitegietara joko dutela ohartarazi dute errepublikanoek.

Denda bateko lehioak egurrekin babesten, Bostongo Newbury kalean. Massachusettsko gobernadoreak «prest» egoteko eskatu dio Guardia Nazionalari. CJ GUNTHER / EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko azaroaren 3a
17:15
Entzun

Miamiko merkataritza gune handietan eta bulego eraikinetan egurrezko xaflak jartzen ari ziren astelehenean langile taldeak. Washingtonen, berriz, Etxe Zuriaren inguruan hesi bat jartzekoa zuten, jendea barrura sar zedin oztopatzeko. Berdin New Yorken ere; han, egurrezko xaflaz inguratuta esnatu dira gaur dendarik ezagunenak. Massachusettseko gobernadore Charlie Bakerrek «prest» egoteko eskatu zion Guardia Nazionalari. Oregonen, berriz, Kate Brown gobernadoreak alerta egoera ezarri zuen Portland hirian, protestak piz zitezkeen beldur: «Jakin badakigu zenbaitek hauteskunde gaua baliatu nahi dutela indarkeria eta istiluak bultzatzeko, eta ez dugu halakorik onartuko». AEBetako presidentetzarako bozek utzi duten beste irudi ezohiko bat da. Hala dio Miamin xaflak jartzeko lanetan ari zen langileetako batek: «Urteak daramat hemen bizitzen, eta ez nuen inoiz halakorik ezagutu».

Kanpainako azken egunetan izandako talkek handitu egin dute herritarren ezinegona. Izan ere, Donald Trumpen jarraitzaileek errepideak moztu dituzte New Yorken, baita Joe Biden hautagai demokrataren autobus bat geldiarazten saiatu ere Texasen. Horrek guztiak kezka sortu du zer gertatuko ote den gaur gauean Trumpek irabazten ez badu, edo haren garaipenaren inguruan zalantzak pizten badira.

Posta bidezko botoa da eztabaida handiena eragin duena. AEBetako estatuburuak kanpaina hasieratik jo du haren aurka, argudiatuz «iruzurra» errazten duela sistema horrek. Azken egunetan, berriz, aditzera eman du «ulergaitza» litzatekeela garailea hauteskunde gauean bertan ez jakinaraztea, eta aurreratu asteazken goizaldean bere burua garailetzat joko duela, behin-behineko emaitzetan nabarmen aurretik badoa, nahiz eta hauteskunde batzordeak zenbaketa amaitu ez. Bide beretik, ohartarazi du asteartetik aurrera hauteslekuetara heltzen diren botoak baliogabetzeko eskatuko duela
—zenbait estatutan boto paper horiek ere zenbatu egiten dituzte, baldin eta postetxera hauteskunde eguna baino lehen heltzen badira—.

Aurten, posta bidezko botoaren alde egin dutenen kopurua aurreko urteetan baino nabarmen handiagoa izan da, eta, zenbait estatuk boto horiek hauteskunde eguna baino lehen zenbatzen badituzte ere, beste batzuek ezin dituzte horiek zabaldu hauteskunde eguna heldu arte, eta horrek boto kontaketa atzera dezake. Floridan, esaterako, gaur goizerako espero dituzte behin-behineko emaitzak.

Ordezkarien Ganberako buru Nancy Pelosik erantzun dio Trumpi, ohartaraziz demokratek prest dituztela euren abokatuak, «arazorik balego ere». Pelosik gaitzetsi egin ditu «hautesleak izutzeko» Trumpen ahaleginak, eta nabarmendu Trumpek emaitza ofizialak ez onartzeak ez dituela demokratak kezkatzen: «Badakigu nolakoa den. Lau urteotan ez du inoiz jokatu dagokion moduan, AEBetako presidente gisara, zergatik kezkatuko gara orain hortaz?».

Nazioarteko begiraleak

ESLA Europako Segurtasun Lankidetzarako Antolakundeak nazioarteko begiraleak bidali ditu AEBetako hauteskundeetara. Taldeko buru Urszula Gacekek azaldu du, bozak gainbegiratzea ez ezik, herritarrek izan ditzaketen kezkak argitzea ere badela euren eginbeharra. «Ez gara hauteskundeetako Polizia. Gure asmoa ez da inor beldurtzea, informazioa ematea baizik, eta ahal dugun neurrian laguntzea». Begiraleak duela hainbat aste heldu ziren AEBetara, eta bihar aurkeztuko dute hauteskundeei buruzko lehen txostena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.