Enpresak

VWek mutualitateen esku utzi ditu gaixotasun arruntak

Absentismoaren aurkako plan bat onartu du Landabenen, UGTren eta CCOOren babesarekin.

VW Nafarroa lantegia, Iruñeko Landaben poligonoan. IñIGO URIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko azaroaren 3a
18:49
Entzun

Volkswagen Nafarroako zuzendaritzak aspaldiko helburu bat lortu du: bere langileen gaixotasun arrunten kontrola mutualitateen esku uztea. Landabengo fabrikan gehiengoa duten bi sindikatuen babesarekin egin du, UGTrenarekin (hamabi ordezkari) eta CCOOrenarekin (zortzi). Bien artean, ordezkaritzaren %68,9 dute.

Lanaren ondorioz sortutako gaixotasunak ez ezik, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, beste arrazoi batzuengatik sortutakoak ere mutualitateak kontrolatzea da absentismoa gutxitzeko planaren neurri nagusia. Enpresak salatu du neurri gabeko absentismoa dagoela Landabenen, eta egunero 350 langile ez direla lanera azaltzen. Haren datuen arabera, lanera ez doazenen tasa %4,3tik %7,9ra igo da 2012tik 2019ra.

Beste sindikatuek bezala, orain arte UGTk eta CCOOk argudiatu dute langileen zahartzea dela horietako asko gaixo edo minez egotearen arrazoi nagusia. Atzo iragarritako akordioan, ordea, «arazoak kausa asko dituela» diote sinatzaileek, eta urtero ehunekoetan puntu bat jaisteko helburua jarri diote beren buruari. Enpresak espero du gaixoen kontrol zorrotzagoa egingo dutela mutualitateek sistema publikoarekin alderatuz gero, gaur egungo egoera ez delako «logikoa».

Iragan abenduan bost eguneko lan uztea egin zuten VWeko langileek, mutualitateen esku hartze handiagoaren aurka. Absentismoaren eragile nagusietako bat «lan erritmo biziegia» zela ziurtatu zuten sindikatuek, eta langileek Gizarte Segurantzari kontingentzia arruntegatik ez kotizatzeak kalteak eragingo zizkiola sistema publikoari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.