Eva Ferreira soilik aurkeztu da EHUko errektore izateko

Azken urteetako errektoreen ildokoa da Ferreira. Azaroaren 26an egingo dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko hauteskundeak.

Eva Ferreira bere lantaldea aurkezten, Bilbon, urriaren 16an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko azaroaren 4a
11:37
Entzun

Itxi berri da EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore izateko hautagaitzak aurkezteko epea, eta, BERRIAk jakin duenez, Eva Ferreira (Barakaldo, Bizkaia, 1963) izango da errektoregai bakarra. Azaroaren 26an izango dira hauteskundeak, eta datorren astelehenean hasiko da kanpaina.

Ferreira azken urteetako errektoreen ildokoa da, eta lantalde horietan ere aritu izan da: 2004-2008 artean, Juan Ignacio Perez Iglesias errektore zela, Akademia Antolakuntza eta Koordinazioko errektoreorde izan zen Ferreira, eta, ondoren, Iñaki Goirizelaiaren agintaldian, idazkari nagusia. Azken urteetan Unibasq erakundeko zuzendaria izan da, EAEko unibertsitateetako kalitate agentziako zuzendaria, baina joan den urrian utzi zuen postua.

Okerrik ezean, abenduaren 4an izendatuko dute Ferreira EHUko errektore. Ekonomia Aplikatuko katedraduna da EHUn, eta, besteak beste, ikergai ditu genero arrakala eta emakumeen kristalezko sabaia. Ingelesez eta gaztelaniaz garatu du ikerketa ibilbidea, eta azken urteetan ikasi du euskara. EHUren idazkari nagusia, berriz, Aitor Zurimendi izango da. Merkataritza Zuzenbideko katedraduna da Bilboko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Arabako Campuseko errektoreorde izateko hautagaia Manoli Igartua Farmazia eta Farmazia Teknologiako Katedraduna da; Bizkaiko Campuseko errektoreorde izateko hautagaia Gorka Moreno Soziologiako doktorea eta Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendari ohia da (2011-2019); eta Gipuzkoako campuseko errektoreorde kargua Agustin Erkizia Ekonomia eta Enpresa Zientzietako doktoreak hartuko du.

Ferreirak urriaren 16an aurkeztu zuen lantaldea, Bilbon. Nabarmendu zuenez, EHU «plurala» da, eta horrelakoa izango da bere lantaldea ere: Hiru campusetako (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) katedradunak, doktoreak, irakasleak edo, besteak beste, ikerlariak daude hamahiru pertsonaz osatutako taldean: zazpi gizonezko eta sei emakumezko. «Zientzia hutsetako jendea dago, baita humanitateetakoa ere. Eskarmentu handia dutenak, gazteagoak... Pixka bat denetik; hain zuzen, hori gara unibertsitate honetan», adierazi zuen Ferreirak.

Beste hautagairik gabe

Ez da izango EHUko hauteskundeetan hautagai bakarra dagoen lehen aldia, hori izan baita azken bi hauteskundeetako egoera ere. Gaur egun errektore Nekane Balluerka bakarrik aurkeztu zen, baita Iñaki Goirizelaia. Izan ere, ezker abertzalearen inguruko sektoreak ez du hautagairik aurkeztu 2004az geroztik, eta, areago, Balluerkaren aldeko botoa eskatu zuten sektore horretako kide batzuek azken bozetan. CCOOren bueltako sektorekoak azken aldiz 2008ko hauteskundeetara aurkeztu ziren, eta geroztik ez dute lortu lista osatzea. Gogoan izatekoa da zer gertatu zen 2008an, Perez Iglesias hautagai bakar zela: galdu egin zituen bozak, aurkako botoak gehiago izan zirelako aldekoak baino. Zerrenda hartako kide zen Ferreira, hain justu. Arautegia aldatu egin zuten, eta hautagai bakarra denean ezin da aurkako botorik eman: aldekoa edo zuria. Berez, aski da baliozko botoen herenak lortuta. Nekane Balluerkak bi heren lortu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.