Artea

Aicher diseinatzailearen lana bildu du Bilboko Arte Ederren Museoak

1972ko Municheko Olinpiar Jokoetan egindako lanagatik da nazioartean ezaguna sortzaile alemaniarra, baina hark sortua da Bilboko metroaren irudia ere. Inoiz eskaini zaion lehen atzera begirakoa da.

Bi pertsona, atzean Otl Aicher diseinatzaileak 72ko Olinpiar Jokoetara diseinatutako kartelekin. MARISOL RAMIREZ
Inigo Astiz
2020ko azaroaren 4a
15:39
Entzun

«Was ist Bilbao?». Otl Aicher diseinatzaile grafikoak (Ulm, Alemania, 1922–Günzburg, Alemania, 1991) bere buruarentzako oroitarazle modura utzi zuen galdera hori eskuz idatzita 1988ko udazkeneko lan oharren artean. «Zer da Bilbo?». Sonatua zen ordurako 1972ko Municheko Olinpiar Jokoetarako egindako lana, eginak zituen Braun eta Erco enpresentzako lan esanguratsuak ere, eta hamarkadak zeramatzan Ulmeko Goi Mailako Diseinu Eskolak martxan. XX. mendeko bigarren erdialdeko diseinugintzaren izen nagusietako bat izatearen itzalarekin heldu zen Bilboko metroarentzako diseinua lantzera, Norman Foster arkitektoaren eskutik, baina hiriaren eta eskualdearen historia eta sinbologia arakatu ostean soilik heldu zen harentzako kolore gorria eta elkarrekin uztartutako hiru zirkulu gorriko logotipoa proposatzera. Besteak beste, ikurrinaren gorria, Bilboko armarriko ikurrak eta ezkerraldeko industriaren irudiak kondentsatu nahi izan zituen irudi garden bakar horretan. Nazioartean eskaini zaion lehen atzera begirakoa antolatu dio orain Bilboko Arte Ederren Museoak, Otl Aicher. Metro Bilbao. Arkitektura eta paisaia izenburupean, noiz zehazki, eta metroa zabaldu zenetik 25 urte bete diren honetan. Otsailaren 28ra arte egongo da zabalik.

Sortzailearen lan egiteko modua definitzeko balio du lan oharretako Bilbori buruzko galderak Gillermo Zuaznabar komisarioarentzat. Muineraino jartzen zituen zalantzan esku artean zerabiltzan kontzeptuak. Eta metroan egindakoa da horren enegarren adibidea. Soziologia, paisaia eta historia uztartu zituen. Komisarioaren hitzetan, Aicherrek Bilbon egindako lana ez baita ezerezetik heltzen; iraganaren eta tokian tokiko berezitasunen ikerketa luze baten ondorio da. «Aicherrek Bilborentzako sortutako kolore eta formek lagundu egin dute hiri berri batentzako nortasun berri bat definitzen, baina identitate berri hori ez da zerutik erori, eta ez da asmakizun hutsa: lotuta dago historiarekin, gure tradizioarekin eta gure formekin. Memoriadun nortasun bat da».

Metroa erdigune

Berrehun objektu eta irudi baino gehiago biltzen ditu erakusketak, guztira, eta Bilboko metroari eskainitakoak dira haietako asko. Diseinatzaileak metroarentzako proposatutako kolore gorriz margotutako horma handi bat topatuko du bisitariak aurrez aurre lehenik, eta, barruan ere, Bilboko metroa izango da erdigunea. BBK areto osoa hartzen duen erakusketaren erdialde osoa hartzen dute proiektu horri eskainitako zirriborro, lan ohar eta argazkiek, esaterako, eta orain arte inon sekula erakutsi gabekoak dira metroaren proiekturako sortutako 80 marrazki inguru ere.

Diseinatzailearen lan egiteko modua erakusten dute hormetako irudi eta oharrek, eta bertan dator, orri zuri baten goiko eskuineko partean, sortzaileak bere buruari egindako galdera ere: «Zer da bilbo?». Eta Aicherrek egindako ikerketaren nondik norakoen berri ematen du, justu galderaren ostean datorren erantzunak. «[Bilbo da] Ibaiertzeko hiri bat itsasertzeko eskualde handi bihurtu duen eraldaketa». Badira XVIII. mendean Ibaizabal ibaiaren nabigazioari buruzko oharrak ere, eta baita etorkizunari eskainitakoak ere. «Eskualdeak argi dokumentatzen du teknika mekanikoekin eraikitako zibilizazio industrial baten amaiera. Elektronikara, fisikara eta kimikara bideratuago dagoen teknologia batena da etorkizuna, eta horrek ikasketa maila handiagoa eskatu du, eta balio eta protagonismo handiagoa ematen die heziketari eta kulturari».

Ez da Bilbori bakarrik eskainitako erakusketa, ordea, eta diseinatzailearen ibilbide osoa hartzen du kontuan. Lehen lanetatik hasi, eta azkenetaraino.

Alemania berreraikitzea

Hain zuzen ere Hans eta Sophie Scholl anai-arrebei eskainitako busto bana topatuko ditu bisitariak areto hasieran. Naziek gillotinara kondenatu zituzten, Christoph Probstekin batera, 1943an. Gertuko zituen biak sortzaileak, eta urteekin bere emazte izango zen Inge Schollen senide ere baziren. Adolf Hitlerren eta gerraren aurkako paskin batzuk banatzeagatik kondenatu eta exekutatu zituzten, Alemaniari traizio egitea leporatuta. Eta erakusketako komisarioaren hitzetan, garrantzitsua da gertakaria Aicherren lana ulertzeko ere. Zuaznabarrek dioenez, politikoa baita diseinatzailearen lanaren muina. «Aicherrena Alemaniako gizartea osatzeko saiakera bat da».

Gerra amaitzean, beren senide eta lagunak omentzeko moduak bilatzen hasi, eta hala sortu zuten Ulm-eko diseinu eskolaren hazia.  «Herri eskola bat zen, jendeari irakurtzen eta idazten erakusteko, eta kultura demokratikoa erakusteko. Hori da abiapuntua. Hortik sortu zen diseinu eskola, ohartu zirelako diseinua izan zitekeela Alemania birsortzeko behar zen transformazio ekonomiko, sozial eta kulturalaren motorra».

Beltzik, gorririk eta urrerik gabe

Lehen eskola horren irudiekin hasten da ibilbidea, eta 1972ko Olinpiar Jokoetarako egindako lanek ixten dute ibilbidea. Kartel iragarleak dira, nagusiki. Kolore bizikoak guztiak. Berdeak. Urdinak. Deigarriak. Argazkiak oinarri dituzten muntatzeak den-denak. Baina dituzten koloreak bezain esanguratsuak dira faltan dituztenak. Zuaznabarrek zehaztu duenez, diseinatzaileak nahita egin baitzion uko gerra hasiz geroztik Alemanian nagusitu ziren beltza, gorria eta urre kolorea erabiltzeari. Berlingo Joko Olinpikoetan baliatutako kolore multzotik urruntzeko saiakera bat ere izan zen, eta hortik dator kartelen kolore hautaketa. 

Norman Foster arkitektoak Bilboko proiekturako sortutako marrazki eta zirriborro batzuk ere biltzen ditu erakusketak. «Oso lan intimoak», komisarioak zehaztu duenez, «gutxitan erakusten dituenak». Lankide izan zuena gogoratu du Fosterrek berak irekiera ekitaldian proiektatutako bideo baten bidez, eta haren adimena nabarmendu du, besteak beste. «Ez zen diseinatzaile soil bat, filosofoa ere bazen, poeta, eta baita sortzaile politikoa ere, hitzaren zentzu zabalean ulertuta».

Erakusketari buruzko katalogoa ere kaleratu dute, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.