Espainiako Vuelta

Wellensen bigarrena

Flandiarrak bigarren etapa garaipena lortu du Vueltan, Ourensen (Galizia), zazpi txirrindulariko ihesaldian azkarrena izan eta gero. Sailkapen nagusiaren goialdean ez da aldaketarik.

jarraia189280.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko azaroaren 4a
17:43
Entzun

Tim Wellens (Lotto) gozo dabil aurtengo Espainiako Vueltan, gaur lortu baitu berriz etapa bat irabaztea: haren bigarrena. Azkarrena izan da Ourenseko helmugan, zazpi txirrindularik osatu duten ihesaldian. Sabiñanigon irabazitakoari gaurkoa gehitu dio horrenbestez.

204 kilometroko etapa luzea izan dute, gorabeheratsua, hirugarren mailako hiru mendaterekin. Bizi joan da lasterketa egun guztian. Ihesaldian maila handiko txirrindulariak elkartu dira, Wellens barne: Marc Soler (Movistar), Michael Woods (Education First), Zdenek Stybar (Deceuninck), Dylan Van Baarle (Ineos), Thymen Arensman (Sunweb) eta Pierre Luc Perichon (Cofidis). Bost minutu eta erdiko aldea ere izan dute, baina eguneko azkeneko gaina, Abelaira, igotzen hasi direnean, bi minutukoa izan da aldea. Zazpikoa elkarri erasoka hasi da, baina Perichon ez beste guztiak elkarrekin heldu dira Ourensera.

Wellensen atzetik Woods sartu da, gero Stybar eta Van Baarle, eta Solerrek egin du bosgarren, 11 segundora. Arensmanek 13 segundo galdu ditu, eta Perichonek, 3.11 minutu, tropela gainean zuela. Faboritoak elkarrekin sartu dira, eta ez da aldaketarik sailkapen nagusian:  Primoz Roglicek  (Jumbo) segitzen du buruan, bigarren Richard Carapazek (Ineos) da 39 segundora, eta hirugarren Hugh John Carthy (EF Pro), 47ra.

Bihar etapa luzeena izango dute: Mos eta Puebla de Sanabriaren artean, 230 kilometro osatu beharko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.