Zientzia

Unibertsoaren jatorriaz ikertzeko 9,3 milioi jasoko dute Euskal Herriko hiru ikertzailek

Juan Jose Gomez Cadenasek, Fernando Cossiok eta Roxanne Guenettek lortu dute diru laguntza. Synergy-2020 NEXT-BOLD proiektuaren bitartez, neutrinoa bere antipartikula ere ote den egiaztatu nahi dute, unibertsoaren jatorriari buruzko funtsezko galderei erantzunez.

Zeruaren irudi bat, Txileko La Silla Behatokitik. ALBERTO VALDES / EFE
Edurne Begiristain.
2020ko azaroaren 5a
12:03
Entzun

Europako Batzordearen Ikerketa Kontseiluak bikaintasunezko oinarrizko zientzia sustatzeko laguntzak ematen dizkie ezagutzaren esparruan ikertzen jarraitu nahi duten ikertzailerik onenei, eta, laguntza horien artean, ERC Synergy izenekoak dira lehiakorrenak. Bada, Euskal Herriko hiru ikertzailek lehen aldiz lortu dute laguntza horiek erdiestea unibertsoaren jatorria ikertzeko. Hiru zientzialariak honako hauek dira: Juan Jose Gomez Cadenas, Donostia International Physics Centerren (DIPC) lanean diharduen Ikerbasqueko ikertzailea; Fernando Cossio, Euskal Herriko Unibertsitateko Kimikako katedraduna eta Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa, eta Roxanne Guenette, Harvardeko Unibertsitateko Fisikako irakasle laguntzailea. 9,3 milioi euroko diru laguntza jasoko dute Synergy-2020 NEXT-BOLD proiektua garatzeko. Sei urteko iraupena izango du egitasmoak. Helburua, hau izango da: neutrinoa bere antipartikula ere ote den egiaztatu nahi dute, unibertsoaren jatorriari buruzko funtsezko galderei erantzuteko.

Ikerbasquek, DIPCek eta EHUk proiektuaren ildo nagusiak zeintzuk izango diren jakinarazi dituzte ohar batean, eta horretarako hainbat galdera plazaratu: «Zergatik dago materiaz eginda gure unibertsoa? Zergatik existitzen da dena ezagutzen dugun bezalaxe?». Adierazi dutenez, galdera horiek partikulen fisikan eta kimikan oro har ebatzi gabe dagoen problemarik garrantzitsuenetako bat jartzen du mahai gainean, aukera dagoelako «materiaren eta antimateriaren arteko asimetria kosmiko misteriotsua argitzeko».

Ikertzaileek azaldu dutenez, gure unibertsoa «hondoratze kosmiko» baten hondarrez osatuta dagoela esan daiteke, eta orain arte desintegrazioan sortutako bi elektroik igortzen duten seinale berezia behatzea zen NEXT esperimentuaren ardatza, baina seinale hori oso «ahula» da. «Alabaina, bi elektroi horiek ikusteaz gain, barioaren atomo ionizatua ere detektatuko balitz, horixe baita xenoiaren desintegrazioaren produktuetako bat, aurkitu nahian gabiltzan seinalea lortuko genuke, neutrinoa partikula bere antipartikula ere badela egiaztatzen duen froga esperimentala», azaldu dute. Horixe da, hain zuzen, NEXT esperimentuaren erronka: barioaren atomo hori identifikatzea, oraintsu arte ezinezkoa jo bada ere. 

Ildo horretan, Fernando Cossiok eta Juan Jose Gomez Cadenasek Nature aldizkari ospetsuan argitaratu berri duten elkarlan batean frogatu dutenez, barioaren atomoa molekula batekin harrapa daiteke, multzo supramolekular bat eratuz, eta gertaera hori izango litzateke bila dabiltzan seinalea. Finean, NEXT detektagailuaren belaunaldi berri bat diseinatu, garatu eta eraikitzea da Synergy-2020 NEXT-BOLD proiektuaren helburua: «Esperimentu horrek neutrinoa bere antipartikula dela egiaztatzeko gaitasun handia izango luke, unibertsoaren jatorriari buruzko funtsezko galderei erantzunez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.