Hartuko diren neurrien bidez «egoerarik arriskutsuenak» eragotzi nahi ditu Jaurlaritzak

Bingen Zupiriak oroitarazi du toki «itxietan» maiz zaila dela aireztatzeko neurri egokiekin jardutea eta pertsonen arteko distantzia egokiak bermatzea.

arantxa iraola
2020ko azaroaren 5a
12:06
Entzun

Eusko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiria elkarrizketatu dute gaur goizean Euskadi Irratian, eta hizpide izan ditu gaur arratsaldean osasun krisiaren inguruko aholku kontseilu Labiren bileran, izurriari aurre egite aldera, mahai gainean izango dituzten neurriak. Ez du zehaztu zer aldaketa proposatuko dituzten bilera horretan; esan du xedea izango dela ororen gainetik «egoerarik arriskutsuenak» eragoztea. Oroitarazi du, adibidez, toki «itxietan» sarri zaila izaten dela ondo aireztatuta jardutea eta pertsonen arteko distantzia egokiak bermatzea: «Ez da beti erraza izaten».

Ez du adierazi, hala ere, ostatuak ixteko asmoa dutenik. Bileran proposamen bat egingo dela azaldu du, eta zer bide egiten duen ikusi beharko dela. Tabernarien artean «ikuskera» asko daudela nabarmendu du; badirela itxi eta laguntzak eskatzeko hautuaren alde daudenak, eta, kontrara, negozioak itxi gabe jardutea lehenesten dutela beste hainbatek.

«Osasun datuak eta ekonomikoak, biak aztertu behar dira erabakiak hartzeko», nabarmendu du. Atzo, etxeko konfinamenduak ezartzeko aukera izatea eskatu zuen Jaurlaritzak Madrilen. Adierazi du etorkizunean har daitezkeen neurriak hartzeko «segurtasuna» lortu nahi dutela horren bidez, batez ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.