Etxebizitza

Etxebizitzaren arazoari «irtenbide kolektiboa» emateko eskatu dute Olarizuko bizilagunek

Gasteizko Olarizu ibilbideko blokeak eraisteko prozesu administratiboari ekin dio udalak. Etxebizitza okupatuetan dauden bizilagunek eskatu dute euren egoera «konpondu gabeko etxebizitza larrialditzat» jotzeko.

Olarizuko bizilagunen aldeko agerraldia egin dute gaur Gasteizen. OKUPATU ZURE BIZITZA
Edurne Begiristain.
2020ko azaroaren 5a
13:22
Entzun

Okupatu zure bizitza plataformak eta Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Ekimenak agerraldia egin dute gaur goizean Gasteizko Udaletxearen aurrean, Gasteizko Olarizuko bizilagunak pairatzen ari diren egoera salatzeko. Izan ere, joan den urriaren 20an,  Olarizuko 124 etxebizitza okupatuetako bizilagunak kanporatzeko jakinarazpenak banatzen hasi zen Gasteizko Udala, PPrekin egindako akordioaren ostean. Horrela, Olarizu Ibilbideko blokeak eraisteko prozesu administratiboari ekin dio Gorka Urtararen gobernuak, eta bizilagunek hamar eguneko epea izan dute helegiteak aurkezteko. Gaur jakinarazi dutenez, epe horren barruan aurkeztu dituzte alegazioak 35 bizilagunek, eta hainbat eskaera egin dizkiote udalari. Batetik, adierazi dute euren langabezia egoerak eta prekaritate ekonomikoak eragotzi egiten diela edozein alokairu ordaintzea, eta euren buruak etxebizitza bat okupatzera behartua ikusi dutela. Salatu dute argi mozketa eta ur mozketa jasan dituztela, «baita poliziaren jazarpen psikologikoa ere»: «Pobrea izateagatik gaizkileak edo kriminalak izango bagina bezala tratatu gaituzte».

Azaldu dutenez, espedientean aipatzen den deialdira joan dira, eta etxebizitza bat izateko daukaten eskubidea ez urratzeko eskatu dute. «Arazo honi irtenbide kolektiboa ematea proposatzen dugu, ez partikularra». Haatik, jakinarazpen hori jaso ondoren, Gasteizko Udalak hutsik dauden etxebizitzak hustu edo garbitu dituela salatu dute, bertan bizi diren «familienganako presio mekanismo gisa».  Hori hala, kaleratze bat egin aurretik, euren egoera «konpondu gabeko etxebizitza larrialditzat» hartzea eskatu dute.

Gaurko agerraldian salatu dute Gasteizko Udalaren asmoa dela Olarizun 124 etxebizitza inguru eraikitzea,  baina alkateak ez dituela behin ere aipatu etxebizitza horietan bizi diren bizilagunen eskubideak. «Oso larria da etxebizitzaren urgentziako egoeraren aurrean udalak, beharrezko neurriak hartu beharrean, arazoa larriagotzeko pausoak ematea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.