Greba eguna dute gaur Gipuzkoako osasun langileek

ELA, SATSE, SME, LAB, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuek egin dute deialdia. Salatu dute ez dutela nahikoa baliabide osasun sistema publikoan koronabirusaren bigarren olatuari aurre egiteko. Behin-behineko langileen eta azpikontratatutakoen baldintzak hobetzeko eskatu dute.

Osasun sistema publikoko langileak, gaur, Donostiako Ospitalean egindako mobilizazioan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maider Galardi F. Agirre.
2020ko azaroaren 5a
14:27
Entzun

Joan den astean Araban nola, Gipuzkoan greba eguna dute gaur osasun sistema publikoko langileek. Sindikatu guztietako ordezkariak eta osasun zerbitzuetako askotariko langileak izan dira protestetan: medikuak, erizainak, garbitzaileak, anbulantzietako gidariak, jantokietako sukaldariak... Izan ere, elkarretaratzeak egin dituzte han-hemenka; hala nola Zumarragan, Hernanin eta Donostiako Ospitalean. Sindikatuek baieztatu dutenez «erantzun handia» izan du grebak, nahiz eta gutxieneko zerbitzuak «oso altuak» izan. 

«Greba oinarrizko hainbat zerbitzutan islatu da», adierazi dute osasun langileen ordezkariek Donostiako elkarretaratzean. Besteak beste, X izpien unitatean, operazio gelan eta laborategian erantzun handia izan du protestak, esan dutenez. Edonola ere, lanuzte gehienak lehen arretako zerbitzuetan izan dira. Eta, eremu hori da, hain justu, pandemia egoeragatik kalterik handienak jasan dituztenetako bat, langileen arabera. Mobilizazio amaierako hitzartzean salatu dutenez, koronabirusaren lehen olatua pasatu ostean, ez dira nahikoa baliabide ezarri bigarren oldarraldi bati aurre egiteko, eta, hortaz, «oso egoera kezkagarrian» daude langileak orain: «Osakidetzak ez du planifikazio egoki bat jarri martxan». 

Nabarmendu dute, ordea, egungo egoera, ez dela «berria». Aitzitik, aurretik zeuden arazoak «begien bistan» gelditu direla ohartarazi dute osasun langileek: «Lehenago ere bazegoen lan karga handia; egiturazkoa da problema». Egoerari aterabidea bilatzeko eskatu dute egindako murrizketak atzera itzularazteko, lanerako beharrezko materiala bermatzeko, eta lan baldintzak hobetzeko. Halaber, deitoratu egin dute ez eduki izana aukerarik Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin hitz egiteko eta negoziatzeko.

Azpikontratatutakoen prekarizazioa

Gainera, Osakidetzak zuzenean kontratatutakoak ez diren gainontzeko langileentzat ere eskubide eta bermeak eskatu dituzte. Hitzaldian azaldu dutenez, azpikontratatutako horiek are baldintza eskasagoak dituzte lanerako: «Haiek ere badira osasungintzaren parte, eta haiek ere merezi dituzte baldintza duinak». Sindikatuek ohartarazi dute %100 zerbitzu minimoak ezarri dituztela lan arlo horietan, eta, hortaz, protestara biltzeko zailtasun handiagoa izan dutela. Halere, mobilizazioan ziren anbulantzietako gidariak, garbitzaileak, jantokietako sukaldariak... ere.

Datuen dantza

Hain justu, sindikatuetako ordezkariek salatu dute Osakidetzak grebaren erantzunari buruz emandako datuek lotura zuzena dutela gutxieneko zerbitzuak ezartzearekin. Protestaren erantzuna %7,72koa izan dela esan du Osakidetzak —%6,1, medikuak; %6,4, erizainak; eta %10,45, gainontzeko osasun langileak—, baina sindikatuetatik ohartarazi dute gutxieneko zerbitzuak hain altu mantenduta zaila dela mobilizazioetara batzea: «Greba eskubidea neutralizatu, oztopatu eta erasan nahi dute. Gutxieneko zerbitzuak erabat neurriz kanpokoak dira». Gaitzetsi dute, gainera, Osakidetzak langile guztien gaineko batezbestekoa egiten duela, zerbitzuak bermatzen ari diren horiek ere kontuan hartuta.

«Bere langileak errespetatuko dituen osasun sistema publiko bat nahi dugu» esanez amaitu dute protesta, eta lekukoa pasatu diete Bizkaiko osasun langileei. Datorren astean, asteazkenez, greba egingo dute han.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.