Espainiako Vuelta

Phillipsenentzat etaparik luzeena

UAEko txirrindulariak irabazi du Puebla de Sanabriako helmugan. Carapaz saiatu da eguneko lehen ihesaldian sartzen, baina azkenean ez da alderik izan faboritoen artean.

ainara arratibel gascon
2020ko azaroaren 5a
18:22
Entzun

Vueltako etaparik luzeena izan da hamabosgarrena, Mos eta Puebla de Sanabria artean, 230,5 kilometro. Ez zuten lan makala txirrindulariek, 4.000 metroko desnibelarekin eta hirugarren mailako bost mendaterekin. Baina eguraldi txarrak eta txirrindulariek jarritako erritmoak etapa aspergarri horietakoa ez izatea ekarri du. Helmugan Jasper Philipsen (UAE) nagusitu da. Hunkituta ospatu du garaipena, Josean Fernandez Matxin zuzendariari besarkada bat emanez. Ejea De los Caballeroseko etapan bigarren izan zen, eta garaipenarekin arantza kendu ahal izan du. Gainera, lehen aldiz irabazi du itzuli handi batean. Faboritoen artean ez da alderik egon, nahiz eta Richard Carapazek (Ineos) egin duen ahaleginen bat ihesaldiren batean sartzeko. Hala, Primoz Roglicek (Jumbo Visma) segitzen du lider. 39 segundoren aldea du Carapazekiko. Ikusi beharko da gaurkoa bezalako etapa batean egindako ahaleginari nola erantzuten dioten, higatzen duten horietakoa izan baita, eta, Madrilera iristeko hiru etaparen faltan, indarrak gutxituz doaz. Sei orduko jarduna egin dute txirrindulariek bizikleta gainean.

Etapa bizi hasi da. Orduko 40 kilometrotik gorako erritmoan aritu da tropela, eta bata bestearen atzetik izan dira ihes egiteko ahaleginak. Azkenean, 60 kilometro inguru zeramatzatenean sortu da bidea egin duena, 173. kilometroan, San Amaroko igoeran. Hamahiru txirrindularik osatu dute, eta tartean bi euskal herritar ziren: Alex Aranburu (Astana) eta Jonathan Lastra (Caja Rural). Izenak ikusita, ihesaldiak bidea egiteko modua izan zezakeela pentsa zitekeen. Izan ere, Aranbururekin eta Lastrarekin zihoazen, besteak beste, Rui Costa (UAE), Tim Wellems  (Lotto Soudal), Guillaume Martin (Cofidis), eta Luis Leon Sanchez (Astana). Bi minututik gorako aldea izan izan dute.

Baina, helmugarako 50 kilometro zirenean, haizea gogor jotzen hasi da. Haize-babesen beldur, faboritoak troparen aurrealdean bildu dira, eta ihesaldia bertan behera uzteko ahaleginean ari zen Borak, Treken eta NTTren laguntza izan du. Minutu eta erdiko aldeko zuen une horretan aurretik zihoan multzoak. 30 kilometro falta zirenean abantaila minututik beherakoa zen.

Ihesaldiak ez zuen aukera handirik ailegatzeko, eta Matteo Cattaneok (Deceuninck) bakarrik aurrera egitea erabaki du. Etapan igo behar zuten azken gaina zen Padornelokoa, eta Cattaneok ausart jokatu du. Eguraldia aurka izan arren, igoera bikaina egin du. Gainean 1.10eko aldea zuen, eta bi minutuko errenta ere izatera ailegatu da. Baina errepideak zabaltzera egin duenean, tropel nagusiak bere legea ezarri du, eta bizkor joan da aldea handitzen. Azkenean hiru kilometro falta zirenean harrapatu dute. Hortik aurrera esprinterren taldeen lana eta lehia hasi da. Borak egindako lan ona kontuan hartuta, Pascal Ackermann ageri zen faborito. Baina bizi agertu da Philipsen, garaipena lortzeko. Azkenean Ackermann bigarren izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.