arantxa iraola
Koronabirusa

Gabonetan jarritako esperantza: sintoma bat gehiago

2020ko azaroaren 6a
11:34
Entzun

Asteon bertan BERRIAn argitaratutako elkarrizketa batean, argi ohartarazi du Osasun Publikoko katedradun Ana Maria Garcia Garciak izurriaren inguruan ematen diren mezu okerren arriskuaz, eta nabarmendu du ezen, mezu horiek agintariek plazaratutakoak direnean, haien hitzak eragin handiagoa duenez, oraindik ere eremu labainkorragoetara eraman dezaketela iritzi publikoa. «Gardentasuna, argitasuna, mezuen arteko koherentzia… Horiek guztiek sekulako garrantzia dute horrelako egoera batean. Oraintxe, kasurako, kezka eragiteko modukoak dira hainbat mezu. ‘Porta gaitezen orain txintxo gero Eguberriak salbatu ahal izateko’. Halakoak esaten ari direnak badira. Kontraesana da mezu hori, eta arriskutsua», ohartarazi zuen. Bada, izurriaren oldarra apaltzeko iragartzeko azken neurrien berri ematean, horixe bera esan du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk: neurriak orain hartzea komeni dela, Eguberrietara «egoera hobean» iritsi ahal izateko. Hainbat kritika egin zaizkio horregatik. Hitz horiek, hala ere, izurriaz mintzatzeko era hori, ez da kasualitatea: arazo orokorrago baten sintoma da.

Etengabea izan zen orain dela hilabete batzuk, adibidez, «normaltasuna» hitzaren inguruan tema, eta hauspotua izan zen normaltasun berria kontzeptua. Izan zitekeen COVID-19aren arorako errealitatea, edo pandemia baterako errealitatea, edo auskalo zein, baina, ez; normaltasun hitzaren inguruan ehundu ziren, izurriaren lehen olatua apaldu berritan, mezu asko. Edo ez-festen inguruan –paradoxetan, gailena horixe–; normaltasun galduaren inguruan beti, hura gabe egotearen arranguran, eta hartara hurbiltzeko zirrikitu bila. Instituzioentzat eraginkortasun seinale izan dira normaltasun printzak; gizarteak, gero eta nekatuago, printza horien beharra du, eta hortxe katramilatu da sarri askotan izurriaren ikuspegi oker bat.

Udaren atarian, esaterako, ez zegoen ebidentziarik, berez, izurriak apaltzera egingo zuenik pentsatzeko: baina esperantza horren inguruan ardaztu ziren mezu eta proiektu asko. Edo datuen interpretazio oso aldebakarrekoetan; erakutsiz, esate baterako, halako eskualdek hobeto eutsi diola beste halakok baino, edo badirela herriak COVID-19 positibo bakar bat izan ez dutenak. Kontraesana da gero. Irmo txertatu da gehienon hiztegian pandemia hitza; gertatzen ari denaren handitasuna  eta larritasuna ederki erakusten duen hitza dirudi, eta erruz erabiltzen da. Haren esanahia zenbateraino barneratuta dagoen, ordea, ez dago argi; eta garbia da: pandemia herri guztiarena da, herri guztiari dagokiona. Egia da gizarte aldagaiek badutela eragina haren garapenean, agerikoa gainera; baina ezin da pentsatu haren eraginik gabeko eremuak edo jarduerak hesitu daitezkeenik.

Gizakiok zedarritutako mundu kontzeptualaren arabera birusa hesitu eta harrapatu nahi izatea alferrikako lana da: izurriari buruzko datuek asteotan hobekuntza bat izanda ere, Eguberrietan berriz jendearen arteko topaketak sustatzera egiten bada, normaltasun hori aldarrikatzera, berdin-berdin zabalduko da: arriskutsuki. Kasuen jarraipena eta kontrola egiteko baliabideak egun batetik bestera izugarri handitzen edo eraginkorragoak egiten ez badira, behintzat, argia dirudi horrek. Eta hori esan egin behar da. Eta tristea da, bai. Hori ere onartu egin behar da.

Eta hitzak neurtu egin behar dira. «Ezin gara hiru hilabetean behin itxita egon», esan du asteon Eusko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiriak. Arrazoi du. Itxialdiak, gero eta irmoagoak, desastre handia dira gizarte osoarentzat. Eta, dudarik gabe, agintarientzat ez da erraza izango asmatzen soka zenbat tenkatu dezaketen; noiz hasi behar duten neurriak zorrozten. Baina osasun krisi bat da hau: pertsonen bizitza eta bizi kalitatea dago jokoan. Eta ezinezkoa da hiru hilabetean behin itxita egotea, ados; baina, esaterako, zortzi hilabete daramatzate, itxialdi ia erabatekoan, zahar etxeetan bizi diren gizon eta emakumeek. Interesgarria litzateke jakitea haiek zer pentsatzen duten adierazpen horien inguruan, haiei hitza ematen asmatuko balitz –krisi honetan agertu den adinkeria kezkarako motibo larria da–; izan ere, izurriaren datuak okertzeak haien egoera betikotzea besterik ez dakar. Oroitu behar da, halaber, izurria kontrolpean hartzeko neurri irmoagoak – eta eraginkorragoak – hartu gabe igarotzen den egun bakoitzeko ehunka pertsona iristen direla erietxeetara. Atzo, kasurako, Hego Euskal Herriko datuei erreparatuta, 882 gaixo zeuden erietxeetan COVID-19aren ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.