Iñaki Agirre kazetariak irailean eta urrian Greziako Lesbos uhartean hartu zituen irudiekin osatu du BERRIAk Moriako erretratuak izeneko dokumentala. Ordu erdi eskas irauten du, eta Moriako kanpalekua kiskali ondoren han bizi ziren bost errefuxiaturen testigantzak biltzen ditu. Ikusgai dago BERRIAren webgunean, orrialde honetan bertan.
Irudiak Iñaki Agirrerenak dira, eta edizio lanetan Agirre bera eta Lara Madinabeitia BERRIAko bideogilea aritu dira. Andoni Imaz kazetariak jarri du ahotsa, eta produkzio lanetan Jon Ordoñez aritu da. BERRIAko Euskara taldeak ere parte hartu du bideoan. Agirrek Zaporeak elkarteari eman dizkio eskerrak, Moriako kanpalekuan izan zen artean eurengandik jaso zuen laguntzagatik.
Ekitaldia, diru bilketa eta galdera-erantzunak
Bideoaren estreinaldirako ekitaldi bat antolatu dute Zaporeak-ek eta BERRIAk. Mikel P. Ansa BERRIAko kazetariak gidatuta, Irati Azkue Zaporeak elkarteko kidea, Jone Urionaguena SOS Arrazakeria elkarteko kidea, Josune Mendigutxia Irungo Harrera Sareko kidea eta Iñaki Agirre bera migratzaileen egoeraz mintzatu dira.
Ekitaldiarekin eta bideoaren estreinaldiarekin, astebetez BERRIAk eta Zaporeak-ek diru bilketa bat egingo dute ikusleek ekarpenak egiteko orrialde honetan, Europara datozen migratzaileei laguntzeko. Diru bilketa kanpaina azaroaren 17an (asteartea) 21:00etan itxiko da. Astearte goizerako, 76 lagunek egin dute ekarpena, eta 4.985 euro bildu ditu ekimenak.
Irakurleek, gainera, sare sozialetan galderak egin ahal izango dizkiete Zaporeak elkartekoei, Irungo Harrera Sarekoei eta SOS Arrazakeriakoei migratzaileen egoeraz, horretarako #MoriakoErretratuak traola baliatuta. Erantzunak sare sozialetan eta orrialde honetan egongo dira entzungai, bideoz.
Malen Garmendia Gomez Zaporeak elkarteak Lesbosen duen koordinatzaileak mezu bat jarri du sare sozialetan, momentu honetan, sutea gertatu eta bi hilabete geroago, egoera zein den azalduz.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.