Enpresak

CAFek 45 milioiko kontratu bat lortu du

21 tranbia egingo ditu Flandriarako eta Utrechterako. Aurrez egindako bi hitzarmen handitu ditu horrela.

Konpainia ekoizten ari den bi tranbia. CAF
jokin sagarzazu
2020ko azaroaren 6a
12:37
Entzun

Flandriako De Lijn garraio konpainiak 2017ko urrian CAFekin sinatutako kontratuaren barruan erabaki du Beasaingo konpainiari beste 17 tranbia erostea. Hasierako hitzarmenak 146 tranbia egitea jasotzen zuen, eta lau multzotan banatu dituzte lanok. CAFek zehaztu duenez, lehen 48 unitateek Belgikako kostaldean egingo dute lan, eta hirugarren eta laugarren multzoetakoek Anberesen emango dute zerbitzua 2022ko bigarren erdialdetik aurrera.

Era berean, CAFek beste bost tranbia egiteko akordioa sinatu du Utrechteko probintziarekin (Herbehereak). Horiek gehituko zaizkie 2015eko hasieran egindako kontratuan adostutako beste 49 unitateei. Horietako batzuk funtzionamenduan daude jada.

Azken urteotan, CAFek kontratu esanguratsuak lortu ditu Beneluxen, besteak beste, Bruselarako metro unitateen hornidura, Amsterdamerako metro eta tranbia unitateak eta Luxenburgo eta Lieja hirietarako tranbiak.

Gainera, Euskal Herriko multinazionalak NS (Nederlandse Spoorwegen) Herbehereetako operadorearentzat aldiriko 206 tren egiten ari da; orain arte Europan CAFi emandako kontraturik handienetako bat da hori.

Bestalde, CAFek SillaCullera-Gandia (Herrialde Katalanak) ibilbideko segurtasun instalazioak berritzeko eta hobetzeko obra kontratua lortu du Adif Espainiako trenbide azpiegituren administratzailearen partetik, 20 milioiren truke eta 18 hilabeteko egikaritze epearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.