Zinema

‘Benny Loves You’ filmak irabazi du Beldurrezko Astearen sari nagusia

Karl Holtek zuzendutako lana saritu du publikoak film luze onenaren kategorian. Film labur onenaren saria, berriz, Karsten de Vreugd zuzendariari eman diote ikusleek, Downward Facing Dogs lanagatik. Film Laburren Nazioarteko Lehiaketaren Epaimahaiak, berriz, aho batez erabaki du Jerome Petersen Migrations saritzea.

'Benny Loves You' filmaren fotograma bat. FANTASIAZKO ETA BELDURREZKO ZINEMAREN ASTEA
Ainhoa Sarasola.
2020ko azaroaren 6a
12:49
Entzun

Karteletik hasita, panpina madarikatuak izan dira Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Asteko protagonista nagusietako batzuk. Eta panpina bat protagonista duen film batek eskuratu du aurtengo jaialdiko sari nagusia: Karl Holtek zuzendutako Benny Loves You-rentzat izan da film luze onenaren publikoaren saria. «Chuckyren eta haren neska-lagunaren balentriak motz uzten dituen film puska» gisa definitu zuen festibalak Erresuma Batuko ekoizpena, eta iritzi bereko agertu dira ikusleak. Film laburren artean, berriz, Karsten de Vreugd zinemagile herbeheretarraren Downward Facing Dogs saritu du publikoak.

Sari gehiago ere banatzen dituzte jaialdiko ikusleek. Animaziozko film labur onenarena Christian Franz Schmidt zinemagile alemaniarraren The Zillas Have a Picnic lanak eraman du. Eta Espainiako film laburren kategorian sartutakoen artean, euskal zinemagile baten lana saritu du publikoak: Paul Urkijoren Dar-dar.

Jaialdiko gainerako irabazleak, berriz, atal bakoitzeko epaimahaiek erabakitzen dituzte. Hala, Film Laburren Nazioarteko Lehiaketaren Epaimahaiak —Caye Casasek, Desireee de Fezek eta Valeria Vegasek osatu dutena— aho batez erabaki du Film Labur Onenarentzako Epaimahaiaren Saria Jerome Petersen Migrations lanari ematea, «bere originaltasunagatik, genero desberdinak elkartzeko erakusten duen trebetasunagatik (zientzia fikzioa, komedia kostunbrista eta beldurra), bere umore sen bereziagatik eta mezu kritiko bat igortzeko duen erraztasunagatik». Filmeko «aktore multzo bikainaren antzezpena bereziki nabarmendu» dute, halaber, epaimahaikideek.

Beste lan bati aipamen berezia egin dio epaimahai berak: Jasper de Bruinen Nightingale-ri. «Banpirismoaren gaiari heltzen dion modu originalagatik, bere edertasun arrotzagatik, oso irudi latzak erakutsi arren eta beldurra eta melodrama elkartzeko duen trebetasunagatik» egin diote aipamena. Europako Film Labur Onenaren Zilarrezko Melies Saria, berriz, Jan Verdijk zinemagilearen A Stranger from the Past lanak eskuratu du; «Bost minutu laburretan istorio konplexu bat kontatzeko zuzendariak erakutsitako trebetasunagatik, inpaktuzko irudiez baliatuta, eta bai giro beldurgarriaren bai munstroaren diseinu hain erakargarriagatik» saritu du lana epaimahaiak.

Jaialdiko Gazte Epaimahaiak, berriz, Millicent Malcolm australiarraren The Familiars film laburrari eman dio saria.

Bestalde, Tony Moralesen Abracitos lanak eskuratu du Espainiako Film Labur Onenaren Syfy Saria, eta Anthony Scott Burnsen Come True-k, berriz, Film Luze Onenaren Blogos de Oro Saria —Jon Paul Arroyok (BangBang Zinema), Mikel Peñak (Ravenheart), Manuel Aguilarrek (CineDePatio), Jon Ruizek (ATxiflar) eta Marta Hernaezek (epaimahaikide gonbidatua) osatu dute aurten kritikaren epaimahaia—.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.