Polizia

Jendarmeak, aterpe bila

35 jendarme Senperen (Lapurdi) kokatu direla zabaldu dute. Mugaldeko eremuetan kontrolak indartuko dituztela iragarri du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak.

jarraia189382.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko azaroaren 6a
14:21
Entzun

Atzo arratsean telefono mezu bat zabaldu zen Lapurdiko herrira polizia gehigarriak iritsiko zirela iragarriz: «40 gela erreserbatu dituzte Senperen Poliziarentzat. Zabaldu». Baina gaur goizean ez zen ezeren jakinean Dominique Idiart herriko auzapeza. Eguerdian erantzun dio BERRIAri: «Iduriz, 35 jendarme kokatu dira Senperen». Ofizialki, ez da jakina zer arrazoirengatik iritsi diren Ipar Euskal Herrira.

Pirinio Atlantikoetako prefeturako komunikazio zerbitzuek BERRIAri erran diotenez, horiek ez dute Ipar Euskal Herriko hotelik bahitu Polizia edo jendarmeria aterpetzeko. Ipar Euskal Herrira tropa gehigarririk etorri den galdetuta, zera erantzun dute: «Ez dugu baieztatzen». Frantzia eta Espainia arteko mugako eremuetan polizia kopurua bikoiztuko duela erran zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak azaroaren 5ean, «inmigrazio klandestinoari» aurre egiteko. «2.400 ez, 4.800 polizia, jendarme eta militar mobilizatuak izanen dira operazio honetarako». Hori izan liteke jendarmeen etorreraren arrazoietako bat. Ipar Euskal Herriko konfinamendu neurriak esplikatzeko prentsaurrekoan, «terrorismoaren aurkako borrokaren» testuinguruan 500 polizia eta jendarme gehiago mobilizatuko zituztela iragarri zuen Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak.

BERRIAk jakin ahal izan duenez, Arrosako (Nafarroa Behera) Katina hotelean jaso zuten jendarmeak aterpetzeko eskaera, baina jabeak ez zuen onartu harrera egitea, eta horiek lirateke Senperera mugitu direnak. «Biziki kexu gara», erran dio BERRIAri Katina hoteleko jabeak. 36 gela eskatu zizkieten, jendarme talde bat aterpetzeko, gosari, bazkari eta afariak barne. «Esplikatu genien ez dugula horretarako eskubiderik». Frantziako Gobernuak Ipar Euskal Herria konfinatu duenetik, jarduera murriztua dute hotelek. Lan arrazoiengatik ezinbestean bidaiatu behar dutenei bakarrik egin diezaiekete harrera, eta gehienez ere gosaria eskaintzen ahal diete; jatetxea itxia da. Jendarmeriari harrera egiteko baimen berezia emanen zietela jakinarazi zieten orduan. Horrek haserre bizian eman ditu hoteleko jabeak. «Egun batetik bestera itxi digute hotela, eta orain, bat batean, baimen berezi bat emanen digute jendarmeei harrera egiteko? Eskandalu bat da», salatu du jabeak. «Hotelaren ondoan lanean ari diren artisau guziek haien kamioian jan behar dute ez dugulako jatetxea irekitzen ahal, eta jendarmeentzat irekiko dugu? Ez da justua!»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.