ETXEBIZITZA

Infernua hustea «harrigarritzat» jo dute sei elkartek

Emaus, Caritas Gipuzkoa, Loiola Etxea, Arrats, Herritarron Harrera Sarea eta SOS Arrazakeria elkarteek adierazi dutenez, «administrazioek, gure erakundeekin elkarlanean, martxotik aurrera kolektibo horrekin egindako ahalegin ekonomiko eta soziala ez da behar adina mantendu pertsona horien gizarteratze prozesua babesteko».

Infernuko zonaldean dagoen fabrika abandonatua. JUAN HERRERO / EFE
jon olano
2020ko azaroaren 6a
14:38
Entzun

Ohar bateratu bat argitaratu dute Emaus, Caritas Gipuzkoa, Loiola Etxea, Arrats, Herritarron Harrera Sarea eta SOS Arrazakeria elkarteek, atzo Donostiako Infernua izeneko gunean bizi ziren 60 bat lagun kanporatu zituztela eta. Batetik, azaldu dute 60 herritar inguru «kalean noraezean» utzi zituztela atzo, «bizileku alternatiba duin bat eskaini gabe».

Elkarteok poztu egin dira hustearen aurkako protestak baketsuak izan zirelako, baina gogorarazi dute gizarte erakundeak «aspalditik» ari direla administrazioari «gizarte zein bizitoki alternatibak antolatzeko beharra» azpimarratzen, «leku desegoki horretatik ateratzeko, non bizigarritasun eta segurtasun baldintza duinik ez dagoen, eta oinarrizko beharrak, hau da, elikadura eta higienea, nahitaez bete behar diren».

Hori ikusirik, elkarteek «harrigarritzat» jo dute etxegabetzeak alarma egoera betean gauzatzea, «guztion onerako etxeko konfinamendua eskatzen duen osasun egoera larria izan arren». Erantsi dutenez, administrazioek, elkarteokin elkarlanean, martxotik aurrera, Infernuan bizi zen kolektiboarekin egindako «ahalegin ekonomiko eta soziala», ez dela «behar adina mantendu pertsona horien gizarteratze prozesua babesteko».

Hori dela eta, Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diete «dagozkien eskumenekin» 60 pertsona horien egoerari erantzuteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.