HEZKUNTZA

Hezkuntza komunitatea erdigunean jarriko duten neurriak eskatu dituzte

'Hezkuntza plazara' izeneko adierazpenean, neurriak eskatu dituzte hezkuntza komunitateko zenbait ordezkarik. Abenduaren 1ean mobilizatzera deitu dituzte ikastetxeak.

Hezkuntza plazara-ren agerraldia gaur Gasteizen. HEZKUNTZA PLAZARA
Maria Ortega Zubiate
2020ko azaroaren 6a
15:39
Entzun

Hezkuntza komunitatea erdigunean jartzeko aldarria egin dute hezkuntza komunitateko hainbat ordezkarik, COVID-19aren izurriak hezkuntzan izan duen eraginak kezkatuta. Hezkuntza plazara izeneko adierazpenean, “minimoak eta urgentziak” bildu dituzte, neurriak eskatzearekin batera. Horien artean daude eskolak auzoan eta naturan emateko aukerak ahalbidetzea, ratioak jaistea eta langile gehiago kontratatzea, besteak beste. Gainera, abenduaren 1ean bere beharrak gehitzera eta mobilizatzera deitu ditu ikastetxeak.

Aurtengo ikasturtean administrazioak izaniko “utzikeria” salatu du mugimenduak; aurreko ikasturtearen amaieran eta udan ikusitakoa kontuan hartuz gero, “bestelako” ikasturte hasiera bat egon zitekeen, baina administrazioak ez du horren alde egin, haien ustetan. Bestalde, adierazi dute “izugarria” izan dela hezkuntza komunitateak, hots, langileek, ikasleek eta gurasoek egindako lana eta ahalegina. Hala ere, administrazioaren “planifikaziorik eza” salatu dute, eta aurtengo ikasturteko planteamendua ez dutela elkarrekin landu hezkuntza komunitateak eta administrazioak, nahiz eta hala egin zezaketen. Gehitu dute izurriak eragindako egoerak agerian utzi dituela hezkuntzaren arrakalak, eta “zailtasun handiak” daudela kalitatezko hezkuntza bermatzeko.

Hori horrela, aldarrikapen taula bat plazaratu dute, hezkuntza komunitatea erdigunean jartzeko asmoz. Haurren eskubideak bermatzea dute helburu, eskubide osoko herritarrak diren heinean; hezkuntzarako eskubide unibertsala eta aukera berdintasuna aldarrikatu dituzte, bai eta jolas librerako, askatasunerako, esperimentaziorako, pentsamendu kritikorako eta abarrerako eskubideak ere.

Horregatik eskatu dute ratioak jaisteko eta, horrekin batera, langile gehiago kontratatzeko, eskola curriculuma beren beharrizanetara moldatzeko, eskolak auzoan eta naturan ematea ahalbidetzeko eta euskararen eta euskal kulturaren transmisioa bermatzeko. Aipatutako hezkuntza arrakala ere izan dute kontuan, eta inklusioa bermatzeko baliabideak eskatu dituzte; baita, horrekin batera, kontziliazioa bermatuko duten eskolaz kanpoko ekintzak eta gurasoentzako baimen ordainduak ere. Gehitu dute gaur egungo egoerak arriskuan jartzen dituela azken urteetako metodologia aldaketa eta berrikuntzak. Eraldaketa horiek zaintzeko deia egin dute, haurren parte hartzea bermatzearekin batera.

Adierazpenean plazaratutako neurriei beraienak gehitzeko deia egin diete ikastetxeei, eta abenduaren 1ean mobilizatzera deitu dituzte. Mobilizazio horiek era klasikoan —manifestazioak, argazki erraldoiak— edo era berritzaileetan —lip dub-ak, antzerkiak— egiteko eskatu diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.