HUESCA 1-1 EIBAR

Eibartarrek etxetik kanpoko bolada onari eutsi diote

Esteban Burgosek sartu du neurketako lehen gola, aurreneko zatian, eta etxeko taldeak berdindu egin du bigarren zatian, Rafa Mirri esker

jarraia189439.jpg
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko azaroaren 7a
16:11
Entzun

Jose Luis Mendilibarrek entrenatutako taldeak ez du denboraldiko partida onena jokatu, baina izan dituen aukera gutxiak ondo baino hobeto baliatu ditu, eta puntu garrantzitsu bat lortu du. Puntu horrekin, dagoeneko bederatzi lortu ditu; horietatik zazpi, etxetik kanpo.

Partida parekatuta hasi da, erritmo gutxirekin. Egoerak hala behartuta, Espainiako taldea baloiarekin egin da, partidaren aginte makila hartzeko asmoz. Mendilibarrenak, berriz, atzean eutsi, eta kontraerasoan min egiten saiatu dira. Huesca nagusi izan da lehen 30 minutuetan, eta tarte horretan behin eta berriz iritsi da Eibarrek defendatutako areara. Gipuzkoako taldea deseroso egon da berdegunean, ez du ia gol aukerarik sortu, eta defentsa lanetan ez da sendo ibili.

Lehen zatia amaitzeko hamar minutu falta zirela gol aukera hirukoitza izan du Michelek zuzendutako taldeak. Sandro, Rico eta Rafa Mir Eibarren atea zulatzen saiatu dira, baina Dmitrovicek birritan, eta Paulo Oliveirak beste behin, gola galarazi diete. Hurrengo jokaldian iritsi da Eibarren gola, korner batean. Bryan Gilek lehen zutoinean jarri du baloia, eta bertan Oliveirak baloia orpoarekin ukitu du, hura bigarren zutoinera bidaliz. Hantxe azaldu da Esteban Burgos, bigarren lerrotik iritsita, baloia sareetara bidaltzeko. 38. minutua zen.

Soltura gehiagorekin zelairatu dira Mendilibarrenak bigarren zatian. Eibarrek partidaren gidaritza hartu du, eta hainbat erdiraketen bidez arriskua sortu. Baina Eibar ondoen zegoenean iritsi da etxekoen berdinketaren gola, 67. minutuan. Rafa Mirrek bikain errematatu du Pedro Lopezek jarritako erdiraketa. Dmitrovicek ezin izan du ezer egin. Ez batak ez besteak ez dute atzera egin, eta bigarrenaren bila joan dira.

Markagailua ez ezik, partida ere berdindu da Huescaren golarekin. Bi taldeak ez dira konforme gelditu berdinketarekin, eta hiru puntuak bereganatzeko nahia erakutsi dute azken minutura arte. Azkenenan, bakoitzak puntu bana poltsikoratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.