BENGOETXEA 17-22 AGIRRE

Agirrek ezustekoa eman du, Bengoetxea VI.a kanporatuta

Leitzarrak bikain hasi du partida, eta 6-13 jarri da aurretik, baina iruindarrak buelta eman dio, eta 22-17 nagusitu da

Asier Agirre, sakatzear, gaur. FOKU
Julen Etxeberria.
2020ko azaroaren 7a
19:09
Entzun

Asier Agirrek eman du buruz buruko txapelketako lehen ezustekoa. Aurrelari iruindarrak Oinatz Bengoetxea kanporatu du gaur Amurrion (Araba), final-zortzirenetan: 22-17. Garaipenari esker, final-laurdenak jokatuko ditu. Danel Elezkano izango du aurkari datorren astean.

Partidaren lehen zatia nola joan zen ikusita, inor gutxik esperoko zuen Bengoetxea VI.ak galduko zuenik. Indartsu ekin dio leitzarrak neurketari, sakearekin min eginez eta piloteoan nagusi izanez. Eraginkortasun handiz aritu da, eta horri esker, zazpi tantoren aldea lortu du: 13-6.

Neurketak hautsita zirudien, Bengoetxea VI.aren mesederako. Baina gutxien espero zenean suspertu da Agirre. Arriskatu egin du, eta ausardia horri eraginkortasuna gehitu dio. Bata bestearen atzetik hasi da tantoak lortzen, eta aldea murrizten. Haren susperraldia eten nahian, Bengoetxea VI.a ere arriskatzen hasi da, baina oso bestelako emaitza lortu du: hutsak kateatuz hasi da. Konturatu orduko, Agirrek 12-0ko partziala sartua zion, eta atzetik zen markagailuan: 13-18.

Azken ahalegina egin du leitzarrak, eta bi tantora gerturatu da: 17-19. Baina jarraian, partidako tantorik onenean gailendu da Agirre, eta jota utzi du Bengoetxea VI.a. Aise egin ditu hurrengo bi tantoak, eta garaipena ziurtatu.

«Oso pozik» mintzatu da Agirre partida amaieran, neurketa aldapan gora jarri ondoren, gai izan delako gora egiteko. Bengoetxea VI.a, berriz, «konforme» azaldu da egindako lanarekin, eta nabarmendu du galdu arren, «gozatu» egin duela kantxan.  

Bihar jokatuko dituzte final-zortzirenetako azken bi partidak. Eibarren (Gipuzkoa) izango dira biak, 17:00etan (ETB1): lehenbizi, Erik Jaka eta Joanes Bakaikoa ariko dira; eta jarraian, Jokin Altuna eta Jon Ander Peña. Aurreneko neurketak ez du faborito argirik. Jaka oso ondo aritu da azken urteetan buruz buru, baina osasun arazoak izan ditu azkenaldian. Garaiz osatu da, baina ikusteko dago zein maila eman dezakeen. Bakaikoa arerio arriskutsua da, eta oso ondo moldatzen da buruz buru. Bigarren partidan, berriz, Altuna III.a da faborito argia Peña II.aren aurka. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.