SEVILLA 1-0 OSASUNA

Itxura ona, sari eskasa

Osasuna esku hutsik gelditu da Sevillaren zelaian, maila onean aritu den arren. Garesti ordaindu du Moncayolak area barruan egindako sarrera baldarra, epaileak penaltia adierazi baitu, eta Ocamposek partidako gol bakarra sartu

Oier Sanjurjo, protesta egiten, epaileak penaltia adierazi eta gero. Jokaldi horretan sartu du Sevillak partidako gol bakarra. JOSE MANUEL VIDAL / EFE
enaut agirrebengoa
2020ko azaroaren 7a
21:14
Entzun

Jakina da Osasuna edonoren aurka eta edonon izan daitekela lehiakorra. Aurkari handienek nekez ibiltzen dute hankapean; horren adibide dira azken bi partidak. Itxura duina eman zuen orain dela astebete Atletico Madrilen aurka, eta gaur ere txukun aritu da, Sevillaren zelaian. Aitzitik, ez da kapaza izan puntu bat bera ere urratzeko. Zergatik? Halako arerioen kontra hasi eta buka egon behar delako adi. Apenas galdu duen arreta, baina Moncayolak penalti inozoa egin du bigarren zatia hasi berritan, eta nafarrek larrutik ordaindu dute harrobikoaren akatsa. 

Juan Cruz Budimir eta Torro izan dira Arrasateren hamaikakoko berritasunak. Erdilariak, alabaina, berehala utzi behar izan du zelaia, zaintiratu baten erruz. Edonola, albiste txar horrek ez du nafarren partida hasiera ona trakestu. Arrasatek garbi esana zuen funtsezkoa izango zela Sevilla deseroso sentiaraztea, eta teknikariaren esana hasieratik bete dute jokalariek. Atzeko lerroa asko aurreratu dute, lehia metro gutxian jokatu zedin, eta Lopetegiren taldeak ez du kaiola irekitzeko giltzarik topatu. 

Aurkariaren jabetza antzuak ez ditu batere artegatu gorritxoak. En-Nesyrik eta Oliver Torresek area ertzetik egindako jaurtiketa oker bana; horra hor Sevillak lehen zatian izandako uzta eskasa. Osasuna dezentez arriskutsuago aritu da, Jony eta Budimirren bidez. 23. minutuan, bataren erdiraketa neurtua buruz sareratzear izan da bestea. Kroaziarrari oso gutxigatik joan zaio baloia kanpora. Beste horrenbeste gertatu zaio Jonyri 35. minutuan, areaz kanpotik indarrez jaurti eta gero. Neurketa nahi zuen tokian zeukan Iruñeko taldeak.

Haatik, okertu egin zaio aldageletatik itzuli eta gutxira. Moncayola baldar moldatu da area barruan, eta zangotrabatu egin du Ocampos. Epaileak, bitan pentsatu gabe, penaltia adierazi du. Ocamposek berak hartu du jaurtitzeko ardura, eta lehen ahaleginean, gailendu egin zaio Herrera. Atezaina nabarmen aurreratu da, ordea, eta bigarren aukera ez du alferrik galdu Ocamposek. 

Hortik aurrera, merezi gabe lortutako sariari eustea izan da etxekoen lehentasuna. Behin markagailuan aurrea hartuta, hezur gogorra izaten da Sevilla, eta hala izan da gaurkoan ere. Ohi bezala, kolpetik altxatzeko borondatea erakutsi du Osasunak, baina nahi izate hutsa ez zaio aski izan. Argitasuna falta izan zaio aurkariaren defentsa eraisteko, eta hori gutxi balitz bezala, esfortzuaren zama somatzen hasi da minutuen joanean.

Taldea hauspotzeko asmoz, aldaketak guztiak egin ditu Arrasatek, bi txandatan banatuta: lehenik Torres eta Nacho Vidal zelairatu ditu, eta bukaera aldera, Adrian eta Iñigo Perez. Azken minutuetako protagonistak, ordea, Jony eta Budimir izan dira berriro. Erdilariak beste bi erdiraketa fin egin ditu arearen bihotzera, eta aurrelariak gertu izan du gola, bere garaiera baliatuz. Ez da ohi bezain eraginkorra izan, baina aurrera begira, albiste ona da Jonyrekin sortu duen konexioa. Azken bi neurketak galdu arren, gorritxoak sentipen onekin iritsiko dira geldialdira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.