Futbola

Realak eta Eibarrek galdu egin dute

Realak 1-2 galdu du Teneriferen aurka. Eibarrek, berriz, ezin izan du Real Madrilen kontra: 1-3.

Eibarren eta Real Madrilen arteko partida, Unben. @SDEIBAR
2020ko azaroaren 8a
13:59
Entzun

Ez Realak, ez Eibarrek. Euskal taldeek ez dute asmatu igande goizean. Txuri-urdinak aurretik jarri dira Teneriferen aurka, baina aurkariek partidari buelta eman diote azken minutuetan. Armaginei, aldiz, bi penaltik kendu diete aukera oro.

Realaren eta Granadillaren arteko partidak ez du agintari garbirik izan lehen minutuetan. Nahikarik eman die, baina, txuri-urdinei beharrezko puntutxoa. Harenak izan dira lehen zatiko aukerarik garbienak. Quiñonesek agertu behar izan du, ordea, 44. minutuan, Martin Prietoren gola saihesteko. 

Bigarren zatian, Nuria Mendozak eman du lehen abisua. Realaren gola, ordea, Granadillak sartu du bere atean. Ez dute asmatu Nerea Eizagirrek jarritako erdiraketa urruntzen, eta ate barruan amaitu du baloiak. Partida azken minutuetan sartu denean, Tenerifek hartu du partidaren lidergoa, markagailua iraultzeraino. 83. minutuan, partida berdintzea lortu dute, eta, hiru minutu geroago, Pojlakek bigarrena sartu du.

Nahi, baina ezin

Unben, gogotsu hasi du norgehiagoka Eibarrek, eta aukera sorta bat izan du lehen minutuetan. Ezin asmatu, baina, ate aurrean. Horiek hala, hutsean amaitu da lehen zatia.

Bigarrenak bestelako partida bat erakutsi du. Hasi bezain laster, epaileak Real Madrilen aldeko penaltia adierazi du, eta Asllanik ez du barkatu. Hamar minutu ere ez dira igaro beste penalti bat seinalatu duen arte. Berriz ere, Asllanik jaurti eta sarera. Eibar gerturatu da egin 70. minutuan, Thembiri esker, baina Marta Cardonak berriz urrundu du Real Madril: 1-3.

Atzeratuta

Athletic ere gaur eguerdian jokatzekoa zen, Espanyolen zelaian, baina partida bertan behera geratu da, Bartzelonako taldean hainbat COVID-19 positibo atzeman ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.