Enpresak

Mercedesek aldi baterako langileak kaleratuko ditu

Salmentak pattal doazenez, gaueko txandan ekoizpena txikituko du. Ez du baztertu neurri gogorragoak ezartzea egoera luzatuz gero.

Langile bat Gasteizko Mercedesen. RAUL BOGAJO / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko azaroaren 10a
11:35
Entzun

Urtarriletik aurrera, Mercedesek ekoizpen erritmoa jaitsiko du Gasteizko lantegian. Autogileak bere langileei azaldu die «enpleguarentzat gogorragoak diren neurriak ahal den neurrian saihesteko» hartu dutela erabaki hori; izan ere, ekoizpena «merkatuaren errealitateari egokitu» behar diola esan du Mercedesek, eta horrek ezinezkoa egiten duela gaur egungo hiru txandei bere horretan eustea.

Oraingoz, gaueko txandari eutsiko dio, baina motelago arituko da. Horrek ekarriko du aldi baterako kontratua duten langile askori ez dietela kontraturik berrituko. Zuzendaritzaren agiriak ez du argitu zenbat eta noiz izango diren, baina El Correo egunkariak aurreratu du bostehun langile joango direla kalera, urtarrilean bertan. 

Edonola ere, Mercedesek ohartarazi du agian ez dela nahikoa izango aldi baterako langileak kentzea, eta ez du baztertu enplegua erregulatzeko espediente bat eskatzea kontratu finkoak dituzten langileak kaleratzeko. Gaur egun, 5.000 langile inguru aritzen dira Gasteizko Mercedesen. Euskal Herriko lantegirik handiena da, Iruñeko Volkswagenekin batera.

Aurtengo ekoizpena moldatzen aritu da Mercedes, eta azken aurreikuspena da 125.000 furgoneta egitea. Fabrika geratuta izan zen hilabete eta erdiz, eta ez zen maiatzera arte egoera normal batera itzuli. Koronabirusari aurre egiteko neurriak hartu aurretik, Alemaniako autogilearen asmoa zen ekoizpena 152.200etik 159.000ra handitzea, salmentak ongi zihoazelako.

Bilera, ostiralean

Datorren urtean 131.500 ibilgailu egitea da asmoa, baina baliteke kopuru hori aldatzea urtean zehar, salmenten erritmora egokitzeko. «Merkatuetan ziurgabetasun eta desegonkortasun handia dagoenez, ezinezkoa da epe luzeko ikuspegi bat izatea, horrela 2021erako ekoizpen bolumen bat ziurtatzeko. Horregatik, salmenten bilakaeraren arabera, ekoizpena egokitzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira». 

Gaur egungo ekoizpena handiegia dela uste du Mercedesko zuzendaritzak. «Alde ikaragarria dago ekoizpen ahalmenaren eta merkatuaren eskaeraren artean», esan du, eta horregatik justifikatu du txanda batean erritmoa txikitzea eta langile batzuk kaleratzea.

Enpresako zuzendaritzak eta langileen ordezkariek bilera egingo dute ostiralean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.