Enpresak

Tubacexek 13 milioi galdu ditu urtea hasi zenetik

Doikuntza plana «oso aurreratua» duela esan du Laudioko konpainiak. Langileen %20ri eragingo lieke. Soldatak murriztea aurreikusten du, eta ez du baztertzen kaleratzerik.

Tubacexek Laudion duen lantegia. BERRIA
jokin sagarzazu
2020ko azaroaren 10a
12:09
Entzun

Tubacexek 13 milioi euro galdu ditu aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan; iazko epe berean, aldiz, 7,2ko irabaziak izan zituen.

Galerei aurre egiteko, hodiak ekoizten dituen Laudioko (Araba) konpainiak urtean 20 eta 25 milioi euro aurrezteko doikuntza plan bat jarri du abian; horrek, besteak beste, langileen % 20ri eragingo die. Enpresaren arabera, plana oso aurreratuta dago, baina ez du xehetasunik eman (funtsean, soldatak murriztea proposatu du, baina ez dituzte kaleratzeak baztertzen).

Langileek mobilizazio ugari antolatu dituzte azken aldian, manifestazioak eta greba egunak tarteko: Aiaraldeko 150 familiaren etorkizuna jokoan dagoela salatu dute —hemen langile batzordeko presidenteari eginiko elkarrizketa—. Bailarako instituzioen babesa jaso dute.

Aurrera begira, Tubacexek ezinezkotzat jo jarduerak zer bilakaera izango duen iragartzea, COVID-19aren bilakaeraren arabera. «Epe laburrean, badakigu historiako garairik gogorrenetako bat igarotzen ari garela. Horregatik, egokitzen ari gara, gure barne doikuntzak egiten konpainiaren errentagarritasuna bermatzeko», adierazi du Jesus Esmoris kontseilari ordezkariak.

Emaitzak urtearen hasieran zituen aurreikuspenen oso azpitik daudela onartu du konpainiak.

Azken hiruhilekoan ere 4,7 milioiko galerak izan ditu, iazko udan 2,2ko irabaziak izan zituen bitartean. EBITDA (mozkina finantza gastuen aurretik) positiboan kokatu da, 26,4 milioi eurorekin, baina iaz baino %42,9 gutxiago da.

Urteko lehen bederatzi hilabeteetan 389,6 milioi euroko salmentak egin ditu, iaz baino % 18,2 gutxiago.

Hala ere,azpimarratu du kaudimen finantzario nahikoa baduela epe labur eta ertainean konpainiaren likidezia bermatzeko, 2024ra arteko maileguen epemuga guztiak estaltzeko. Taldearen finantza zorra 293,7 milioi eurokoa da, eta horren %76 epe luzera sailkatuta dago.

Arcelorren espedientea auzitara

ELAk eta LABek jakinarazi dute ostegun honetan epaiketa egingo dela Espainiako Auzitegi Nazionalean, Arcelor Mittalen aldi baterako enplegua erregulatzeko espedientearen aurka jarri duten salaketa dela eta.

ELAk ohar batean gogora ekarri duenez, ez zen ados agertu «ez espedientea justifikatzeko arrazoiekin, ez negoziazio prozesuaren baldintzekin, irregulartasunez beteta egon baitzen». Gainera, salatu du enpresaren zuzendaritzak ez dituela Euskal Herriko lantegietako gehiengo sindikalarekin negoziatu bertako baldintzak.

Sindikatu abertzalea kezkatuta agertu da Arcelor Mittaleko lantegien eta enpleguaren etorkizunarekin. «Desindustrializazio prozesuak aurrera jarraitzen du, eta gero eta langile gutxiago gara, adinean aurrera egin ahala. Eta planta batzuetan jada inork ez du gogoratzen egindako azken inbertsioa».

Hori dela eta, Arcelorren enpleguaren alde mobilizatzen jarraituko duela azpimarratu du ELAk, eta Gasteizko eta Iruñeko gobernuei exijituko die «exijenteak» izan daitezela «inolako bokazio industrialik ez dutela erakusten duen zuzendaritza baten aurrean».

Antzera mintzatu da LAB. Gogoratu du Arcelor Mittal 2009tik «etengabe» aplikatzen ari dela enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak, eta ordutik enpresak Euskal Herrian dituen lantegietako «enplegu guztiaren erdia baino gehiago» suntsitu duela Zumarragako eta Aguraingo lantegiak itxita, uztailean azkenengo hori. «Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari exijitzen diegu etorkizun industriala babesteko eta multinazionalaren desindustrializatzeko estrategia ez bermatzeko».

Sindikatuak elkarretaratzeak antolatu ditu ostegun honetarako, lantegien aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.