Euskaraldia

Euskara eta euskal kultura zaintzen eta zabaltzen

BBK-k, euskara eta euskal kultura zabaltzeko eta zaintzeko egitasmoak eta proiektuak martxan jartzeaz gain, beste zenbait erakunderi laguntzen die ekitaldiak antolatzen.

Bertsolari Gazteen 28. BBK Sariketako saio bat, Igorren, martxoaren 2an. BIZKAIKO BERTSOLARI ELKARTEA
2020ko azaroaren 11
21:23
Entzun

Euskarari laguntzea beti izan da BBK-ren gizarte ekintzaren eta kultura arloaren jarduera ardatz nagusietako bat. Horrela, euskara eta euskal kultura sustatzeko egitasmoak martxan jartzeaz gain, beste zenbait erakunderi laguntzen die ekitaldiak antolatzen. «BBKn uste sendoa dugu gure hizkuntza eta kultura zabaltzeko eta zaintzeko lan egin behar dugula, eta ekimenak eta proiektuak abian jarriz eta lagunduz egiten dugu hori», BBK Fundazioko arduradunek azpimarratu dutenez.

Historikoki, euskararen ikerketa, ezagutza, zabalkundea eta sustapena bultzatzen duten erakunde handiekin batera lan egin du BBK-k, hala nola Euskaltzaindiarekin, Labayrurekin eta Euskaltzaleen Topagunearekin. Halaber, euskararen ikusgaitasuna eta erabilera laguntzea helburu duten ekitaldi handiak babestu ditu, hala nola, Durangoko Azoka, Bertsolari Txapelketa Nagusia edo Ibilaldia.

Urteotan, besteak beste, Bertsolari Gazteen BBK Sariketa antolatu du, Bizkaiko Bertsolari Elkartearekin elkarlanean, eta Bilboko BBK Salan euskarazko ehunka musika kontzertu eta antzerki emankizun egin ditu.

Bide horretan, BBK Sala Etxean proiektua jarri zuen abian BBK-k duela hilabete batzuk, helburu honekin: euskal kulturaren sektoreari bultzada txiki bat ematea konfinamendu hilabeteetan, eta baita herritarrei Internet bidez doako kalitatezko ikuskizunez  gozatzen laguntzea ere.

Azpimarratu behar da BBK Salaren Plan Estrategiko berrian euskaraz sustatutako ekitaldien ehunekoa neurtu eta handitu egingo dutela, ekitaldi kopurua gehituz urtetik urtera.

Euskararen erabilera indartu

Gainera, BBK-k badu Euskara Plan bat, BBK-k eskaintzen dituen zerbitzuen erabiltzaileei euskarazko zerbitzua bermatzeko eta, aldi berean, erakundearen barruan euskararen erabilera indartzeko.

Lehen Euskaraldian, BBK-k modu aktiboan parte hartu zuen, antolatzaileek abian jarritako egitasmo kolektiboekin bat eginez, baita bere langileekin ekimenak antolatuz ere, BBK-k eskaintzen dituen zerbitzuen erabiltzaileentzat euskarazko zerbitzua sustatu eta bermatzeko eta BBK-ko langileen artean euskararen erabilera indartzeko.

Aurtengo Euskaraldiarekin ere bat egin du BBK-k. Euskaraldiaren antolakuntzak proposatu dituen ekinaldietan laguntzeaz gain, BBK-ren barruan ere hainbat ekintza antolatu dira ekitaldiaren berri emateko eta jendea parte hartzera animatzeko.

Gainera, 2021ean, BBK-k proiektu berri baten bidez bultzatuko du euskararen erabilera, familietan, aisialdian, kiroletan eta gazteen artean, besteak beste. Horretarako, erronka handi bat abiaraziko du Euskaraldian egindako ahaleginari urte osoan eustera animatzeko, eta, asmo horretan, euskararen erabilera oso garrantzitsua izango da sare sozialetan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.