Katalunia

Puigdemonten kontrako suplikatorioa aztertzen hasiko da europarlamentua azaroaren 16an

Kataluniako presidente ohiari eta Toni Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohiei immunitatea kendu ala ez erabaki beharko du Europako Parlamentuak.

Toni Comin, Clara Ponsati eta Carls Puigdemont, Perpinyan (Herrialde Katalanak), joan den otsailaren 29an. DAVID BORRAT, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko azaroaren 10a
12:55
Entzun

Prozesuak joan den otsailean hasi behar zuen, baina koronabirusaren pandemiak hura atzeratzera behartu du. Azkenean, Europako Parlamentuko Auzi Juridikoen Batzordeak zehaztu du noiz hasiko den aztertzen Carles Puigdemont, Toni Comin eta Clara Ponsatiren kontrako suplikatorioa: azaroaren 16an izango da lehen saioa.

Espainiako Auzitegi Gorenaren eskariz aztertuko dute hiru europarlamentariei diputatu akta erretiratzeko aukera. Gorenak hirurak Espainiaratu nahi ditu, Kataluniako prozesu independentista sustatzeagatik epaitzeko.

Europarlamentuko batzordearen lehen saioan kasua aurkeztuko dute, eta batzordea osatzen duten parlamentariek beren iritziak agertzeko aukera izango dute. Puigdemontek, Cominek eta Ponsatik bigarren saioan parte hartzeko aukera izango dute, beren defentsarako argudioak aurkezteko.

Saio horiek ateak itxita egin behar direla dio Europako Parlamentuko araudiak, baina pandemiak eragindako ezohiko egoerara moldatzea erabaki du ganberak. Parlamentuko zerbitzu juridikoek ontzat jo dute batzordea telematikoki biltzea, saioaren konfidentzialtasuna ziurtatzeko zenbait neurri hartuta.

Ikusteko dago europarlamentuak bat egingo ote duen Belgikako epaitegi batek ebatzitakoarekin. Bruselako epaitegi batek uko egin zion, joan den abuztuan, Lluis Puig Kataluniako kontseilari ohi erbesteratua Espainiara estraditatzeari. Epaitegiaren iritziz, Espainiako Auzitegi Gorenak ez du haren estradizioa eskatzeko eskumenik.

Interpretazio juridikoetatik harago, arlo politikoan, argitzeko dago PSOEren eurodiputatuek zer jarrera hartuko duten, Espainiaren eta Kataluniako gobernuen arteko negoziazio mahai baten alde agertu baita, «auzi politikoak bide politikoetatik» konpontzeko. Cominek joan den urtarrilean BERRIAri eman zion elkarrizketan adierazi zuenez, «PSOEk bere hitza jango luke» suplikatorioaren alde bozkatuz gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.