Lehia

Europako Batzordeak ofizialki leporatu dio Amazoni beste saltzaileen datuez baliatzen dela

Salerosketa plataformaren jabe izanda, Amazonek eskura ditu beste saltzaileei, produktuei eta salmentei buruzko datuak. Horiei esker, Amazonek arrisku askoz txikiagoa hartzen du 'online' azoka berean bere produktuak saltzerakoan, eta, hortaz, kalte egiten dio lehiari, Europako Batzordearen ustez.

Margrethe Vestager Lehia komisarioa, gaur Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Irune Lasa.
2020ko azaroaren 10a
13:34
Entzun

Merkatuaren jabe izatea bateragarria izan al daiteke azoka horretako saltzailea eta, beraz, beste saltzaileen lehiakidea izatearekin? Europako Batzordearen ustez, ez; ez behintzat kasu honetan, merkatuaren jabe izateak ematen duen gailentasunari esker beste saltzaileei buruzko informazio guztia gero haiekin lehiatzeko erabiltzen bada, norbere produktuen salmentaren mesedetan.

Argudio hori emanda, Europako Batzordeak uste du Amazonek hautsi egin dituela Europako Batasuneko arauak Frantzian eta Alemanian (Amazonen merkatu nagusiak Europan), lehian distortsioak eragin dituelako online merkatuetan. Auziaren atariko ondorioen berri eman dio Batzordeak Amazoni, eta konpainia erraldoiak aste batzuk ditu akusazio horiei erantzuteko.

Europako Batzordeak iazko uztailean abiatu zuen Amazonen gaineko ikerketa lehiaren kontrako monopolio jokaerak zituen aztertzeko, eta ikerketa haren zati batetik dator gaur Margrethe Vestager Lehia komisarioak formalki zabaldu duen akusazioa. Aurretik Alemaniak ere abiatu zuen antzeko ikerketa bat, Amazonen aldi bereko bi rol horien ondorioak aztertzeko.

Orain arte, Amazonek esan izan du saltzaileak libre direla bere zerbitzuak erabiltzeko, eta inbertsio txikiarekin asko zabal dezaketela euren irismena. Era berean, monopolio jokaeraren akusazioa minimizatu nahian, aipatu izan du beste saltzaile horientzat gehienentzat online salmentak beren negozioaren zati txiki bat direla soilik.

Baina Margrethe Vestagerrek gaur azaldu duen moduan, gero saltzaile gehiago dira plataforma digitalen mende daudenak euren produktuak saltzeko, online erosten duten kontsumitzaileak gero eta gehiago direlako. Egoera horretan, ekoizle eta saltzaileek inbertsio arriskua hartzen dute ondasun jakin bat garatu, ekoitzi, balioztatzeko, baina Amazonek, aldiz, aurreztu egiten du arrisku hori, publikoa ez den saltzaileari eta salmentei buruzko informazioa duelako eskuetan; jakin dezakeelako zein den produkturik errentagarriena, zein gehien saltzen dena... Vestagerrek azaldu du auzia big data-ri eta haren erabilerari buruzkoa dela finean, Amazonek saltzaile jakin batzuei egindako kalteei buruzkoa baino gehiago.

Beste ikerketa bat

Amazonen kontrako beste ikerketa bat zabalduko duela ere iragarri du gaur Vestagerrek. Batzordeak aztertuko du zenbateraino hausten dituen Amazonek Batasuneko lehia arauak lehentasunezko tokia ematen dienean —Buy Box delakoan edo Prime bezeroengana iristeko— bere produktuei edo Amazonen logistika eta banaketa zerbitzuei lotzea erabakitzen duten beste saltzaileen produktuei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.