Txina

Hong Kongeko oposizioko legelariek iragarri dute dimisioa emango dutela

Eskualdeko gobernuak kargutik kendu ditu «demokraziaren aldeko» lau parlamentari, segurtasun nazionalerako arrisku bat izatea egotzita. Beste 15 ordezkarik kargua utziko dute, protesta modura.

Hong Kongeko Kontseilu Legegileko «demokraziaren» aldeko parlamentariak, joan den astelehenean, prentsaurreko batean. JEROME FAVRE, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko azaroaren 11
11:56
Entzun

Hong Kongeko Kontseilu Legegilea oposizioko ordezkaririk gabe geldituko da, «demokraziaren aldeko» legelariek iragarritakoa betetzen badute. Dimisioa emango dutela iragarri dute gaur, Hong Kongeko Gobernuak lau kide kargutik kendu dituela eta. Eskualde administratiboko agintariek aurretik halako neurriak hartu dituzte, baina lehen aldia da parlamentari batzuk beren arduretatik kentzen dituela inolako epaiketarik gabe.

«Karguei uko egingo diegu, gure kideak gobernu zentralaren oinarririk gabeko erabaki batengatik kargugabetuak izan direlako», adierazi du Wu Chi-Wai oposizioko legelarien koordinatzaileak. Haren esanetan, Hong Kongek «jada ezin dio munduari esan 'herrialde bat, bi sistema' printzipioa indarrean denik». Parlamentariaren iritziz, lau kide horiek kargutik kendu izanak printzipio horren «heriotza» ekarri du.<br />Hong Kongeko Gobernuak Alvin Yeung, Dennis Kwok, Kwok Ka-ki eta Kenneth Leung legebiltzarkideak kanporatu ditu Kontseilu Legegiletik. Ordu batzuk lehenago Txinako Parlamentuak hartutako erabaki batean oinarritu du neurria. Haren bidez, parlamentuak ahalmena aitortu dio Hong Kongeko gobernuari independentziaren defendatzailetzat jotzen dituen parlamentariak edo ustez atzerriko erakundeekin elkarlanean nazio segurtasuna arriskuan jartzen dutenak Kontseilu Legegiletik baztertzeko, aurretik epaitzeko beharrik gabe. Hala, Txinako Parlamentuak onartu egin du Hong Kongeko Gobernuak ahalmen hori eskuratzeko egin dion eskaria.

Carrie Lam Hong Kongeko gobernuburuak babestu egin du erabakia. Neurria «konstituzionala, legezkoa, arrazoizkoa eta beharrezkoa» da, haren iritziz. «Oinarrizko Legea eta Hong Kong babesteko gai ez badira, noski, ez dira legebiltzarkide izateko gai», adierazi du. Txinako Gobernuak eskualdean duen ordezkaritza ere ildo beretik mintzatu da. «Irmoki zaindu behar da Hong Kong abertzaleek gobernatu behar dutenaren agindu politikoa», adierazi du ohar bidez.

Kargutik kendutako lau ordezkariak gabe eta dimisioa emango dutela iragarri duten hamabost ordezkariak gabe, Pekinen aldeko legelariak izango dira lehendik ere gehiengoa duten Hong Kongeko Kontseilu Legelarian. Hala, oposizioak ezin izango die aurre egin gehiengoaren ekinaldiei ganberan. Baina «demokraziaren aldeko» lau legelari kargutik kendu ondoren parlamentuan jarraitzeak erabakiari zilegitasuna aitortzen diotela eman zezakeen aditzera beren jarraitzaileen begietara.

Hauteskundeak, atzeratuta

Hong Kongeko herritarrek Kontseilu Legegileko 70 ordezkarietatik erdiak aukeratzen dituzte, eta beste erdiak barruti funtzional izeneko Pekinen aldeko komiteek hautatzen dituzte. Ganberaren erdia berritzeko hauteskundeak egin behar ziren joan den irailean, baina bozak urtebete atzeratu zituzten, pandemiarengatik. Hain justu, hauteskundeetara aurkezteko debekua ezarri zien Hong Kongek kargutik kendu dituen lau legelariei, eskualde administratiboarekiko zuten konpromisoa zintzoa ez zela egotzita.

Lamen aldekoen iritziz, gobernua Hong Kong egonkortzeko ahaleginetan ari da, iazko ekainean protestak lehertu zirenetik. Orduan, mobilizazio jendetsuak izan ziren Txinako estradizio legearen aurka, eta herritarren presioak egitasmoa bertan behera uztea lortu zuen.
Aurtengo ekainean, Hong Kongeko segurtasun legeak piztu zituen protestak. Mobilizazioak berriz ere jendetsuak izan ziren arren, ez zuten lortu hura indarrean sartzea, eta, ordutik, oposizioko hainbat kideri ezarri diete legea. Segurtasun legeak bide ematen dio eskualdeko gobernuari subertsioa, sezesioa, terrorismoa edota atzerriko erakunderen batekin segurtasun nazionalaren aurka elkarlanean aritzea egotzitako herritarrak zigortzeko bizi osora arteko espetxearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.