Kartografia

Euskal Herria, pertsonak mendi gisa ikusita

Galder Gonzalez dibulgatzaileak herrialdeko populazio dentsitatea altuera gisa adierazten duen mapa bat sortu du, sare sozialetan antolaturiko #30dayMapChallenge erronkarako.

Euskal Herriko populazio dentsitatea, altuera gisa adierazita. GALDER GONZALEZ / @THEKLANEH
Edu Lartzanguren.
2020ko azaroaren 11
13:09
Entzun

Erliebe mapetan, normalean, gune batean dauden mendiak, muinoak, ibarrak eta zuloak agertzen dira. Baina askoz gauza gehiago adieraz dezakete, parametroak aldatuz gero.

Hala erakutsi du Galder Gonzalez geologo, dibulgatzaile eta euskarazko Wikipediako kideak. Euskal Herriko mapa bat sortu du zeinean biztanle dentsitatea altuera gisa agertzen den: hau da, pertsonak mendi gisa. Berehala identifikatzen dira tontor nagusiak: Iruñea —edo, hobeto esanda, iruindarren multzoa— oso nabarmena da, sumendi baten kono gisa agertzen da, inguru lau samar baten erdian. Gasteiztarren multzoa ere, oso argi ikusten da. Haatik, Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin, Bilbo, Donostia eta Baionako tontorrak ez dira horren argiak, askoz dentsitate handiagoko eremuetan daudelako. Mendizerrak dirudite, gailurrak baino, eta hiriburuetatik askoz harago doaz, batzuetan goi lautada modukoak osatuta. Muturrekoa da hori Gipuzkoa eta Lapurdiko kostaldean: masa bakar bat modukoak dira, jende asko bizi delako area txikian.

Egunotan #30dayMapChallenge erronka egiten ari dira sare sozialetan. Ideia sinplea da: parte hartzaile bakoitzak azaroan, egunero mapa bat jartzea, gai baten inguruan. Gonzalezek «pixka bat berandu» egin du bat egitasmoarekin, berak adierazi duenez, eta saiatzen ari da mapak sortzeko tresna berriak ikasten. Azaroaren lehenengo egunetan egin ditu mapa batzuk, baina gaur zabaldu duen hiru dimentsioko horretan Photoshopeko 3D Map Generator tresna erabili du. 

«Ez nuen egin nahi Euskal Herriko mapa topografikoa, eta pentsatu nuen agian aukera izan zitekeela dentsitatearen arabera egitea». Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiaren datuak erabili ditu mapa osatzeko. Izan ere, behategiak Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoa nazio ikuspegiz ikertzea eta horren inguruko datuak zabaltzea du helburu.

Gaindegiaren datuak hartu eta tratatu egin ditu Gonzalezek. «Hainbat proben ostean (ez da erraza lehenengoan asmatzea) lortu nuen mapatxo hau egitea».

Bitartean, #30dayMapChallenge traolak jarraitzen du mapagileen ekarpenak jasotzen. Ez da izena eman behar, eta norberak nahi dituen tresnak erabil ditzake mapak osatzeko. Mapazale bakoitzak ez badu lortzen 30 mapa egitea, ez dago arazorik, ohartarazi dutenez. «Izan ere, 30 mapak egitea oso zaila da».

Gonzalezek badu asmoa mapa gehiago sortzeko datozen egunetan. Saiatzen ari da emakume/gizon ratioaren mapa egiten, «baina, horretarako, Frantziako udalerri guztietako datuak jarri behar ditut lehenengo Wikidatan, atzo Espainiakoak jarri ostean. Horretan daukat oraintxe programa bat, erlojupean». Horrez gain, «Bilboko maparen GameBoy Color-reko simulazio bat» dauka prest etziko. Twitterren @theklaneh izenarekin ikus daiteke haren lana, erronkako sortzaile guztien mapa guztiak ikusteko, esan bezala, #30dayMapChallenge traolan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.