Hungaria

Hungariako Gobernuak sexu berekoen bikoteen adopzioak debekatzeko legea aurkeztu du

LGTBI komunitatearen eskubideak are gehiago murriztuko ditu egitasmoak, parlamentuak onartzen badu.

Familia tradizionalarn aldeko kartel bat, Hungariako Miskolc hirian. JANOS VAJDA, EFE
2020ko azaroaren 11
13:17
Entzun

Judit Varga Hungariako Justizia ministroak sexu berekoen bikoteen adopzioak eragozteko lege proposamen bat eta konstituzioaren zuzenketa bat aurkeztu ditu gaur herrialdeko parlamentuan. Konstituzioa aldatzeko testuan jasotzen denez, estatuak ziurtatu egin beharko du haurren garapena jaiotzean duten sexuari dagokion generoaren araberakoa izango dela eta «ama emakumea eta aita gizonezkoa» direla.

Ministroaren esanetan, «Mendebaldeko joera ideologiko berri eta modernoek arriskuan jartzen dute haurrek garapen osasuntsu baterako duten eskubidea». Hala, Hungariako Konstituzioak balio kristauetan oinarritutako hezkuntza bat bermatzea babestu du.

Vargak aurkeztu duen lege proposamenak, berriz, bikote heterosexual ezkonduei aitortzen die soilik haur bat adoptatzeko aukera, nahiz eta Familia Politiketarako ministroak adoptatzeko baimena eman ahalko dien irizpide horiek betetzen ez dituzten bikote jakin batzuei ere, legeak zehaztu gabe uzten dituen baldintza batzuen arabera.

Bi ekinaldiak onartuko ditu ganberak ezustekorik ez bada, Viktor Orbanen gobernua sostengatzen duen Fidesz alderdiak gehiengo osoa baitu bertan.

LGTBI komunitateak berehala gaitzetsi du gobernuaren egitasmoa. Beren eskubideak murrizten dituela eta kolektiboa estigmatizatzen duela salatu dute. LGTBI komunitatearen eskubideen aldeko Hatter elkarteak nabarmendu duenez, lege proposamena eta konstituzio aldaketa «nazioarteko eta Europako giza eskubideen arloko irizpideen kontrakoa da».

Hungariak 2011n onartu zuen konstituzioaren arabera, soilik bikote heterosexualenak dira estatuak legezkotzat jotzen dituen familiak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.